Astebeteko egitarautik hamabostaldira pasata ari dira ospatzen San Joxeperen 26. Kulturaldia urriaren 10etik eta urriaren 27ra arte hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egongo da. Urtean zehar sortzen diren ideia eta proposamenekin osatzen dute programa, eta, azkenean, hamabostaldia egitea erabaki zutela adierazi du San Joxepe elkarteko presidente Nestor Inurrietak. "Normalean, astebeteko Kulturaldia izaten zen. Dantza-topaketak eta Laboratoriumeko bisitak direla eta, hamabostaldia egitea pentsatu dugu. Ezberdina da hamabostaldia antolatzea. Tentsio handia dago, baina orain artekoarekin gustura gaude", dio.
Egitasmoarekin Bergara ezagutarazten dela irizten dio, eta herriko eragileen arteko talde-lana bultzatu nahi dute: "Herriak daukan kultura taldean zabaltzen da eta herriko elkarteekin elkarlana sustatu nahi dugu honekin. Nahiz eta jubilatuak izan, gizartearen parte gara eta erakunde guztiekin elkarlanean aritzen gara. Uste dut premiazkoa dela. Ez da jubilatuen mundua konpondu; baizik eta jubilatuekin mundua konpondu".
Balorazio "oso ona"
Besteak beste, Eibarko, Elgoibarko, Ordiziako eta Trintxerpeko erretiratuen elkarteetako dantza taldeen topaketarekin eman zioten hasiera Kulturaldiari eta aste honetako Laboratoriumeko bisitekin eman diote jarraipena. Zikloaren hasieraren balorazio "oso ona" egin du San
Joxepeko presidenteak. Dantza topaketan 200 lagun, "kopuru oso ona" elkartu zirela aurreratu du, baina, kontrara, Laboratoriumera joateko taldea osatzea "kostatu" egin zaiela: "Justuan heldu gara 22 lagunera. Ikusten dudana da Laboratoriumen erronka dela Bergaran egotea. Hemengo jendea kanpora begira dago. Egin dugun propagandari esker mugitu da jendea, eta gustura daude bisitarekin".
Harrenanak landuz
Herritar guztiek har dezakete parte Kulturaldiko hitzaldi eta emanaldietan. Hala ere, zenbait hitzordu mugatu egin behar izan dituzte, plaza kopuruagatik.
"Belaunaldi ezberdinen arteko harremanak beti lantzen ditugu", dio Inurrietak, eta adibidetzat jarri ditu gaur Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martin Herri Eskolako ikasleekin egingo duten sari-banaketa, edota astelehenean Bergarako lau ikerlari gaztek emango duten Adimen artifiziala hitzaldia.
Bestelako ekintzak
Kulturaldiaren osterako, gutxienez, bi jarduera ditu esku artean erretiratuen elkarteak. Urriaren 31n, Gau Beltza dela-eta, Jardunekoekin batera txokolatea prestatuko dute. Halaber, jakinarazi dute azaroaren 4an ETBko Quédate saiora joateko gonbidapena jaso dutela, eta hogei lagun behar direla horretarako.
Egitaraua
- Urriak 18
- 15:30 Haurren sari-banaketa San Joxepen.
- Urriak 21
- 10:00 Adimen artifiziala hitzaldia San Joxepen.
- Urriak 22
- 19:00 Beasaingo eta Bergarako abesbatzen emanaldia Seminarixoan.
- Urriak 23
- 18:30 Oroimena eta ahaztea San Joxepen.
- Urriak 24
- 17:00 Bingo musikatua San Joxepen.
- 18:00 Toka, igel eta bolo txapelketa San Joxepen.
- Urriak 27
- 14:15 Bazkaria.