Zapatuan Bergarako Labegaraietan betekada izango da Sorabox-eko lagunek antolatu duten boxeo jaialdia ikusteko. Aurretik jarritako 500 sarrerak salduta daude jada, eta bihar leihatilan beste 100 sarrera jarriko dituzte salgai, 18:00etan. "Oso pozik gaude, jende asko batuko gara eta giro ederra egongo da. Oso maila oneko boxeolariak batu ditugu eta jendeak erantzun egin du", dio Ixa Rodriguez antolatzaileak.
Zapatuko eszenatokia, gainera, berria izango da, aurreko jaialdiak frontoian antolatu dituzte eta. "Ez pentsa, Labegaraieta ere oso leku egokia da. Egia da ez dagoela herriaren erdialdean, baina horrek ez du askorik axola, boxeo gosez dauden zaleak edozein tokitara joateko gertu daude eta. Gainera, Labegaraietak dena du, taberna dauka ondoan, kanpoaldean lasai egoteko ere leku zabala dauka... Oso leku aproposa da".
Pisaketa 17:00etan
Ikuskizuna boxeo jaialdia baino bi ordu lehenago hasiko da, pisaketarekin. Hogei boxeolariek Labegaraietako tabernan bertan egingo dute pisaketa eta ondoren bi ordu izango dituzte ondo jan eta edateko. Bailarako boxeolariei dagokienez, oraingoan Soraboxeko hiru ordezkari izango dira. "Andoni Kortabarria eta Mikel Garagorri bergararrak dira, eta Julen Gallastegi soraluzetarra. Oso maila onean daude hirurak, eta oso motibatuta, eta kontrario onak izango dituzte aurrean. Andonirendako hamahirugarren borrokaldia izango da. Ea datorren urtean profesional mailara salto egiteko moduan dagoen; hori da asmoa".
Borrokaldien zerrenda
- Oskitz vs Padura (78 kg).
- Blanca vs Amaia Perez (57 kg).
- Mikel Garagorri vs Manex (69 kg).
- Egoitz Rios vs Morad (75 kg).
- Ander vs Asier Martinez (62 kg).
- Erik Dasilva vs Denis Cruz (69 kg).
- Ixai Arruiz vs Iker Mujika (69 kg).
- Julen Gallastegi vs Victor Mendieta (81 kg).
- J. Rodriguez vs Jefferson Saritama (83 kg).
- Andoni Kortabarria vs Leroy Serey Mendieta (77 kg).