Seminarixoa 'danbaka' jartzeko deseatzen daude

Hasier Larrea 2024ko urr. 18a, 13:45

Korda Rota, Ktarsia, Sotoalde eta Malko taldeek inauguratuko dute seigarren Danbaka.

Datorren ostiralean hasiko da Danbaka musika lehiaketaren seigarren edizioa. Hiru hilabetean lau kanporaketa eta finala egongo dira jokoan –hamasei talde–, baina, lehia baino gehiago, musikarekiko pasioa eta gozamena izango dira nagusi.

Gaur zortzi irekiko da Danbakaren oihala, duela bi urteko oholtza berean, Bergarako Seminarixoan, baina jantzi eta apaingarri desberdinekin. Arrakastatsua izan zen orduko hartan eta parte-hartzaileen eskuetan egongo da aurtengoa are hobeagoa izatea. Aramaioko The Claytonek eraman zuen gozoki nagusia, diskoa kalitate altuan grabatzeko oparia, eta ondo baliatu zuten aukera, Over the red light lanarekin frogatu zutenez. Aiert bakarlariari egokitu zitzaion, aldiz, kantu propio baten bideoklipa ekoizteko gonbidapena, eta Letagin taldeari Ekinez jaialdian zuzenekoa jotzekoa. Sari berberen atzetik joango dira aurtengo protagonistak, eta, horretarako, epaimahaia eta publikoa poltsikoratu beharko dituzte.

Musikariekin harreman zuzena izaten dabil egunotan Jokin Bereziartua, Danbakaren hari-muturrak lotzeko arduraduna, eta honela ikusten ditu prestaketa-egun hauek: "Estreinaldi bereziak hurbiltzen diren heinean in crescendo doan zirrara berezi hori ari gara sentitzen. Egon gara Danbakaren protagonista diren taldeekin, besteak beste, aurkezpen-bideoak ere ekoizten ari garelako, eta badakit urduritasun puntua badutela. Ia denentzat izango da esperientzia berria eta ziur nago modu berezian prestatuko dutela".

Taldeak ohituta ez dauden erakusleiho baten barruan izango dira, baina nerbioen gainetik gozatzeko gogoari egin dio gorazarre Bereziartuak: "Ordu erdi bat egingo dute agertoki gainean, eta zukutu dezatela segundo bakoitza. Euren proiektua ahalik eta txukunen aurkezteko ahalegin horretan urduri egotea ona ere bada, baina disfruta dezatela, horrek beharko luke lehen egitekoa; agertokiaz, beste taldeen zuzenekoaz, afariaz, chill-out guneaz... Danbakaz, azken finean".

Hegan egiteko hauspoa

Danbakast-en bigarren atalean agerian utzi dute tertuliakideek musika-taldeak hobetzera eramaten dituela lehiaketa honek. Bereziartuak 2022ko lehiakideei jarraipena egin die eta hausnarketa hau partekatu du: "Danbaka erakusleiho itzela denaren adibide garbia da talde batzuk hauspotzeko balio izan duela. Bat bakarra aipatzearren Oñatiko Sukena taldea aipatuko dizut. Danbakan eskaini zuten euren lehen kontzertua eta orain talde hori bera (aldaketaren bat ere izan dute kideen artean) zuzenean ikusita nola eboluzionatu duten ikustea ederra da. Seguru nago seigarren edizio honetan ere egongo direla antzerako kasuak". Horrela izan dadila!

 

KONTZERTUEN EGUTEGIA

 

URRIAK 25

• KORDA ROTA.

• KTARSIA.

• SOTOALDE.

• MALKO.

 

AZAROAK 15

• ETEN.

• LOW COST DELUXE.

• REBEL NOISE.

• K-PO.

 

AZAROAK 29

• DEL VAL.

• HENKO.

• KARENA.

• TXERRIKUMEAK.

 

ABENDUAK 13 

• BANANA SHAKE.

• ONDARE.

• 721-GOGOR GABILTZA.

• MAIDER MIMI.

 

URTARRILAK 17

Finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak