Antolatzaileek esperotakoa baino jende gehiago erakarri du zapatu gauean Elorregin egin zen Queelorregi jaialdiak. Altxalili kabaretarekin eman zioten hasiera festari, eta bukaerarako, bertaratu zirenak dantzan ere jarri zituzten. Bailarako jendeaz gain, kanpoko jendea ere erakarri du jaialdiak; esaterako, Oreretatik edota Altsasutik etorritakoak izan baitziren, besteak beste.
Xarma Leonek drag emanaldia egin zuen kabaretaren ostean, eta gero trikiti soinuek hartu zuten Elorregi, Xabier Etxaniz eta Uxue Kerejetaren eskutik. Ondoren, MJ Manuela Ahizpak izan zen musika jartzen.
Jaialdiaren antolatzaile taldeko Jone Ojeak jaialdiaren balorazio positiboa egin du: "Esperotakoa baino jende gehiago etorri da. Jendea oso pozik eta eskertuta egon da eta urtero egiteko eskaria jaso dugu behin eta berriz, beraz, hori seinale ona dela uste dugu". Gainera, esan du txosnarako txanda guztiak boluntarioek bete dituztela, batez ere, LGBTIQ+ kolektiboko bailarako jendearekin.
Horrez gain, auzokideak ere pozik daudela gaineratu du: "Pozik daude Debagoieneko erdigunean dagoen auzo txiki honetan horrelako erantzun ona izan duen jaialdia egin dugulako".
Goizaldera arte luzatu zen jaia.