Bergarako senior mailako gizonezkoen lehen taldeak Euskal Ligan jokatuko du aurten ere, eta, iazko zalantzak uxatuta, Xabat Irazola entrenatzaileak dio sailkapenaren erditik gora egon nahi dutela. "Iaz esperientzia falta zitzaigun maila honetan, baina liga hasi aurreko lagunartekoetan ikusi genuen gure saskibaloia egiten bagenuen lehiakorrak izan gintezkeela. Hala, aurten esperientzia handiagoarekin ekingo diogu urteari, ea hobeto ibil gaitezkeen". Hasi, behintzat, ondo hasi dira, joan den astean 71-84 irabazi zioten-eta Hotel Gran Bilbao Santutxuri. "Zalantzekin joan ginen; taldea ondo indartu zutela entzun genuen, ACBn debuta egindako jokalari bat fitxatu zutela... Baina gero kantxan ez genuen halakorik ikusi. Hirugarren laurdenean 20 puntuko abantailarekin geunden; aspaldian egin dugun partidu onena izan zen, serio ibili zen taldea".
Agurain domekan bisitari
Modu ezin hobea da liga hasteko, eta domekan mahoneroek joera positibo horrekin jarraitu nahi dute. "Mailaz igo berri den taldea da Agurain, eta ez dugu erreferentzia handirik. Bergaran entrenatzaile izandako Patxi Ortiz dute aulkian, eta seguru talde gogorra izango dela. Joan den astean, behintzat, 81-63 irabazi zioten Loiola Indautxuri". Bigarren partidua irabazteak aukera emango lieke egutegian gorriz markatuta daukaten hirugarren jardunaldira konfiantzaz joateko. "Datorren astean Urretxuren kontrako partidua derbi modukoa da guretako. Jokin Perez bergararra dago han entrenatzaile lanetan, eta lagun handia dut. Eta inork ez du nahi izaten lagunen kontra galdu", dio, barrez.