Ikasturte berria hastearekin batera, Txapa Irratiak 2024- 2025eko ikasturteko programazioa aurkeztuko du urriaren 13an, domeka, 12:30ean. "Urtero bezala, ikasturte honetako programazio-parrillaren aurkezpena egingo dugu. Egia da aurten oraindik itxi gabe daukagula ikasturtean zehar emango ditugun irratsaioak, baina gauden guztiok aurkeztuko dugu bakoitzaren irratsaioa eta zeintzuk diren bakoitzaren asmoak. Horrez gain, Arrosa Irratiko hainbat irratsaio emango ditugu aurten ere" adierazi du Lander Juaristik, Txapa Irratiko kideetako batek.
Ateak irekita
Programazioa aurkeztuko badute ere, Juaristik adierazi du ez dagoela guztiz itxita, eta irratsaio propioa egin nahi duten herritarrak gonbidatu nahi izan ditu Txapa Irratiko parte izatera: "Betiko irratsaioak aurkeztuko ditugu, baina ateak irekita daude, oraindik programazio-parrilla osatu gabe dagoelako. Inork bere irratsaio propioa egin nahi badu, lekua izango du aurtengo programazio-parrillan. Historikoak diren hainbat irratsaiok jarraitzen dute, baina espero dugu proiektu berriak batzea". Irratsaio berriak batzeko, Txapa Irratikoekin jarri behar da kontaktuan: "Kartzela zaharrera etorri eta gurekin kontaktuan jartzea nahikoa da. Ostean, Txapa Irratiak hilabetean behin egiten duen asanbladara etorri, proiektua aurkeztu, irratiak nola funtzionatzen duen eta zer balioren pean lan egiten dugun ezagutu beharko dute".
40 urteren ostean, osasuntsu
Lau hamarkada beteko ditu Txapa Irratiak aurtengo ikasturtean, eta horren baitako ospakizuna antolatzeko "lantalde bat" eratu dute. Ekimenaren bueltako guztia "poliki-poliki" aurreratzen joango dira. Urte dezente igaro dira Txapa Irratia sortu zenetik, eta, lau hamarkadaren ostean, proiektuak osasuntsu jarraitzen dutela dio Juaristik: "Nabarmendu nahi dugu 40 urteren ostean jarraitzen dugula irrati libre bat izaten ideologikoki zein ekonomikoki, autogestioan oinarritutakoa, eta hori, gaur egun, ospatzekoa da. Osasuntsu eta bizirik jarraitzen du Txapa Irratiak, eta hori ez da gutxi. Oraindik beharrezkoak dira horrelako proiektu komunikatiboak, kolektiboari garrantzia ematen diotenak. Bakoitzak bere irratsaio propioa dauka, baina guztiok gaude Txapa Irratiaren teilatupean. Osasuntsu gaude eta beharrezkoak izaten jarraitzen dugu".