Elikadura osasungarria eta iraunkorra oinarri, Gozo topaketen hainbat edizio egin dira 2019az geroztik, eta, oraingoan, Bergara izango dute helmuga. Urriaren 18an emango diete hasiera, egubakoitzean: 17:00etan hasiko da izen-ematea, eta mahai inguru bana izango da 17:30ean eta 18:30ean: Nola eraldatu gauzak ezer aldatzen ez denean eta Sukaldarien eta ekoizleen arteko aliantzak, gure sukaldeak egokituz izenpean, hurrenez hurren.
Esperientzia eraldatzaileak ezagutzeko aukera izango da lehen mahai inguruan Nora Olabide, Irene Santamaria eta Onditz Villar (Elgeta Herri Eskola), Alex Azpiri (Berton Bertokoa, Durangaldea), Aitor Nuñes (Salburua Eskola, Gasteiz) eta Sayda Taboraren (Bidezko Elikadura, Guatemala) eskutik. Bigarrenean, berriz, hiru hizlari izango dira gaiaz jarduteko: Yesenia Castro (Fedecoopades, El Salvador), Ortutik Ahora (Busturialdea) eta Severine Quencez (Collectif les Pieds dans le Plat / SCIC Nourrir l’avenir, Frantzia).
Zapatuko egitaraua
Urriaren 19an, zapatuan, goizeko egitaraua izango da. Elikadura eskubidea: merkatuak zerbitzu publiko gisa mahai ingurua egingo da 11:00etatik 12:30era, eta Javier Guzman (Bidezko Elikadura), Evelyn Ramirez Mejorha (Guatemala), Ainhoa Lete eta Aitziber Plazaola (Bergarako Elikadura Mahaia), eta Jordi Masdeu eta Isa Alvarez (Frescoop, Manresa, Katalunia) izango dira hizlariak. Kaferako unea izango da ondoren, eta merkatura bisita 13:00etatik 14:00etara; azkenik, topaketak amaitzeko, zizka-mizka egongo da.
Izen-ematea eta zerbitzuak
Izen-ematea zabalik dagoela jakinarazi dute antolatzaileek, eta formulario bat betetzea aski dela. Horrez gain, jakinarazi dute Txikigunea zerbitzua egongo dela –gutxienez, lau ume egon behar dira–, baina parte-hartzeko ezinbestekoa dela izena ematea.