Irala: Gure heroia? solasaldia egingo du Dekolonizatu Bergara taldeak urriaren 9an, 18:00etan hasita, kartzela zaharrean. Solasaldira joan daitezkeen herritarrekin batera, Axier Lopez kazetari eta idazlea –Gure heroiak liburuaren idazlea– ere bertaratuko da Kartzela Zaharrera, Izar Odriozola Dekolonizatu Bergara taldeko kidearen hitzetan, "gaia testuinguruan jartzeko eta Iralaren nondik norakoak hobeto azaltzeko. Horrekin batera, monumentuen eta kaleen izenak aldatzeko munduan izan diren askotariko adibideak emango ditu".
Odriozolak dio "ikuspegi dekolonialetik" helduko diela "Martinez de Iralaren, Bergarako kolonizatzaile eta inperialistaren, balentriei". Era berean, "kolokan" jarri nahi dute, solasaldiaren bitartez, "Martinez de Irala Bergarako heroi kontsideratzearen ideia". Lopezek emango dituen monumentuen eta kaleen izenak aldatzeko adibideen bueltan, hiru galdera proposatu nahi dizkiete parte hartzaileei Dekolonizatu Bergara taldeko kideek: "Zer iritzi dugu monolitoaren inguruan? Zer egin dezakegu horren esanahia aldatzeko? Soilik monolitoak arduratzen gaitu?". Galdera horiekin, "monolitoarekiko dauden iritzi eta hausnarketa kolektiboak ezagutzea" da helburua.
Hilaren 17an bisita gidatua
Hispanitatearen Egunaren baitan, Bergarako kaleetan zehar egingo den bisita gidatu bat antolatu du Dekolonizatu Bergara taldeak. Hilaren 17an egingo dute bisita gidatua, eta, Odriozolaren arabera, "irakurketa dekoloniala izango du".