Kaleko Urdangak, Añube, Arene 6, The Friday's Crew, Azken Sustraiak, Raimundo el Canastero, J Martina, Toc, Pubic Enemy, Kaparrak, The Clayton, Las Furias, Nafarroa 1512, Berandu Baino Lehen, Chuleria, Joder!, Bidelapurrak eta Attürri. Horiek dira, hain justu, Ekinez jaialdian izango diren taldeetako batzuk, lehen konfirmazioen berri eman baitute antolatzaileek, aurrerago gehiago jakinaraziko dituztela gaineratuta. "Talde berriak eta kontzertuak babesten jarraitu dugu 2024an, hori delako benetan mugiarazten gaituena. Eta, nola ez, Ekinez jaialdiaren hirugarren edizioa izango dena ere prestatzen aritu gara".
Sarrera fisikoak salgai daude 35 eurotan: Bergaran, Arrano tabernan; Arrasaten, Basatin eta Taupan; Aretxabaletan, Urbaltzen; Oñatin, Bogan; Gasteizen, Ttipian; Bilbon, Nave 9n eta Biran; Azpeitian, Orkatzen eta Haginpen; eta Algortan, Trikun eta La Plazan.
Aurreko edizioak
2022an egin zuten lehendabizikoz Ekinez jaialdia Agorrosingo futbol zelaian, eta antolatzaileengan, musika taldeengan eta han izan ziren herritarrengan "arrasto berezia" utzi zuela azpimarratu dute antolatzaileek: "Gure herriko futbol zelaiak ez du sekula horrenbeste herritar erakarri. Zein ederra izan zen Agorrosin goraino beteta ikustea zuzeneko kaleko doinuen bueltan dantzan; ahaztezina izan zen". Hala, bigarren edizioa egin zuten 2023an, lekualdaketarekin: "Nortasun eta izaera berezia dituen auzoa da Labegaraieta, Ekinez jaialdiaren oinarriekin guztiz bat egiten duena. Gainera, punk-rock eta punk-oi! doinuez gain, musika urbanoari ere egin genion lekua".