Nola hasi duzue denboraldia?
Denboraldia nahiko ondo hasi dugu, baina emaitzek ez dute jokoaren maila erakusten. Adibidez, aurrekoan azken minutuetan sartu ziguten penalti bat, nahiz eta aurrez partidu ona egin genuen. Jokoz ondo gabiltza, baina aurrean golak sartzea falta zaigu. Athletic B-ren aurka garaipena eskuratu genuen, eta gainontzeko lau partiduetan maila oso ona erakutsi dugu. Kategoria zaila da. Edozeinen aurka irabazi dezakezu, eta, modu berean, edozeinen kontra galdu. Ekintza txikienak erabakigarriak dira.
Nolakoa da halako maila bateko denboraldiaurrea?
Hilabete lehenago hasi ginen entrenamenduak prestatzen. Astean zehar lau entrenamendu eta bi lagunarteko partidu jokatzen genituen. Egur dezente sartzen digute denboraldira maila onean iristeko.
Nolakoa da liga?
Athleticen eta Realaren filialak daude, bigarren taldeak, eta haiek oso prestatuta egon ohi dira. Astean zehar guk baino gehiago entrenatzeko aukera izaten dute. Hala ere, ondo lehiatzeko gai baldin bazara, partidua ondo preparatzen baldin baduzu, edozein talderen aurka lehiatu zaitezke.
Zeintzuk dira denboraldi honetarako helburuak?
"HELBURUA MAILA MANTENTZEA DA, BAINA POLIKI-POLIKI ARI GARA DENA BALORATZEN"
Esango nuke helburua maila mantentzea dela, baina poliki-poliki ari gara dena baloratzen. Esango nuke helburuak behin martxa hartuta erabaki behar direla. Lehenengo, lehiatzen hasi eta martxo inguruan non zauden ikusi, zer egin dezakezun baloratu eta horren baitan helburuak zehaztu. Gu partiduz partidu joaten gara, denetan ahal dugun eta ondoen eginaz. Aurreko urtean berdin egin genuen. Gaizki hasi ginen, baina denboraldi erdian martxa harrapatu genuen, eta, azkenean, mailaz igotzetik gertu egon ginen. Erregularra bazara, helburuak handiak izan daitezke. Aurten ere badut horretarako esperantza.
Bigarren urtea duzue aurten; esperientziak laguntzen du?
Azkenean, beste taldeek egin dezaketena ezagutzen zoaz, zein den haien jokatzeko modua. Hori aprobetxatu egin dezakezu. Taldekideak laguntzen hasten zara, jokoa gehiago ulertzen duzulako. Esperientziak, azkenean, badu bere pisua. Denboraldi bat gehiago goazenak dagoeneko ondo ulertzen dugu kategoria, kanpoko zelaiak zelakoak diren eta hori guztia.
Zaila da ia astebururo horrenbeste kilometro egin behar izatea partidu bat jokatu ahal izateko?
Bai; azkenean, nabaritu egiten da. Autobusa hartu behar izaten dugu kanpoko partiduetara joan ahal izateko, eta, konturatu orduko, bidea luze egiten da. Arratsalde osoa kentzen digun zerbait da, eta bost ordu inguru egon behar dugu kontzentratuta, autobusera igotzen garenetik partidua amaitzen den arte. Horrek guztiak kontzentrazio maila oso handia eskatzen duen kategoria bilakatzen du hau.
Nolakoa da Iñaki Mardaras entrenatzaile gisa?
Oso intentsoa da. Astean zehar asko eskatzen digu, gero asteburuan prest egon gaitezen. Astean zehar eskatzen digunak ez du loturarik partiduetako emaitzekin; hau da, galtzen badugu, astean lan asko egingo dugu, baina baliteke irabaziz gero oraindik eta gehiago egitea. Oso entrenatzaile ona da.