Bearteko lanak ikusgai, beste behin, Irala kalean

Julen Murua Mesonero 2024ko urr. 3a, 16:15

Beart Eguneko erakusketa, iaz, Irala kalean.

Beste urte batez, Beart elkarteko artistek euren lanak jarriko dituzte ikusgai Irala kalean, Beart egunaren baitan. 70 lan inguru egotea aurreikusten du Xabier Agirre elkarteko presidenteak, denak kolore eta teknika ezberdinekin egindakoak.

Elkarte gisa 30. urteurrena betetzen du Beartek aurten, eta, urteroko ohiturei jarraituz, aurten ere elkartearen eguna ospatuko dute. Igandean izango da, eta, urtero bezala, elkarteko bazkideek margotutako koadroak ikusgai egongo dira Irala kalean, 12:00etatik 14:00etara bitartean. 70 obra inguru egotea aurreikusten du Agirrek; bakoitzak bizpahiru lan eramateko aukera izango du, eta tamainaren arabera gehiago ere sartu ahalko dira. Oro har, helduek margotutako koadroak izango dira: "Bazkideen koadroak jartzen ditugu; beraz, gehienak eurenak izango dira, helduenak. Egia da posible dela nabarmendu egiten den gazteren baten koadroak ere egotea; nahi dugu belaunaldi berriek ere tokia izatea". Eguerdiko koadro erakusketaren ostean, eta urteroko ohiturak jarraituta, bazkaria egingo dute elkarteko kideek; Sirimiri jatetxean izango da aurten.

Elkartea "osasuntsu"

Beart elkartea osatzen dutenen adina "goraka" doala aitortu du Agirrek; hala ere, "elkartea osasuntsu" dago, haren hitzetan, "urtean zehar antolatzen diren eskoletako taldeak umez beteta egoten direlako". Bide batez, elkartearen eguna antolatzeko arrazoi nagusia belaunaldien arteko transmisioa da, Agirreren arabera: "Belaunaldi berriek artearekin lotura izatea da gure helburuetako bat. Iaz, Gabonetako Aroztegiko erakusketan, sarrerako horma gazteek euren lanak jartzeko erabili genuen, eta parte hartze handia egon zen. Euren lanak eta artearekiko gogoa bultzatzea da gure helburua".

Kontxi Idigoras omenduko dute

Beart Eguna ospatzen duten aldiro elkarteko kide bat omentzen dutela dio Xabier Agirre Bearteko presidenteak, eta aurten Kontxi Idigoras omenduko dute, Ricardo Azkargorta irakaslearen hitzetan, "oso pertsona berezia, parte-hartzailea eta talde ekintzetan egindako ekarpenengatik beti nabarmendu delako".

Joan den asteburuan, Okina

Miguel Okina margolari bergararraren mendeurrena ospatzeko ekitaldia antolatu zuen Beartek joan den astebururako; Agirreren hitzetan, "txupinazoa botatzeko, Okinaren mendeurrenaren baitan, hemendik eta datorren urteko udazkenera arte egingo diren ekimenak aurkezteko". Gainera, Miguel Angel Elkoroberezibarrek herriko artearen bueltako hitzaldi bat egin zuen. Elkarteko presidenteak dio "harrera oso ona" izan zuela eta aretoa "jendez beteta" egon zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak