"Indartsu" dator urria San Joxepe elkartean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 26a, 16:08

San Joxepe elkartean eginiko bazkari bat, artxiboko irudi batean. Irudia: Goiena.

Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna izango dute lehen hitzordu, eta Kulturaldia, berriz, ondoren; hainbat ekintza antolatu dituzte hamabostaldi horretarako.

Urriko agenda osatzen dabiltza San Joxepe jubilatu eta pentsiodunen elkartean, eta elkartekideek jakinarazi dute "indartsu" datorrela, hainbat ekintza antolatu baitituzte lehen astetik hasita. Irailaren 30ean, astelehenean, izango dira lehen egitekoak, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela-eta ekitaldia egingo baitute Udalarekin, Nagusilanekin eta Duintasunarekin elkarlanean; 12:30ean izango da San Martin plazan, eta salda eta txorizoa izango dira ondoren.

Urriaren 1ean, berriz, Agijupens Federazioak topaketa egingo du Eibarko Astelehena pilotalekuan, 11:00etatik aurrera; hala, horra gerturatzeko deialdia ere egin dute elkartekideek, horretarako garraiobide publikoa erabiliko dutela nabarmenduta.

Badator Kulturaldia

Kulturaldiari dagokionez, hamabostaldia izango da aurten, eta urriaren 10ean hasiko da hainbat ekintza antolatuta. Egunez egun:

  • Urriaren 10ean. Aijupens Federazioak bultzatuta, dantza topaketa, Seminarixoan, 17:00etatik aurrera.
  • Urriaren 14tik 18ra. Laboratorium Museora ordubeteko bi bisita gidatu, 10:30ean edo 11:30ean, Jakinduriaren esploratzaileak eta textilaren prozesua lelopean.
  • Urriaren 18an. Aranzadi ikastolako, Mariaren Lagundia ikastolako eta San Martin herri eskolako ikasleen bisita San Joxepen, 15:30etik aurrera, "belaunaldien arteko harremanak sustatzeko".
  • Urriaren 21ean. Oinarrietatik, sorkuntza eta industriara izenpean, Bergarako gazte ikerlarien –Jokin Labaien, Beñat Arrieta, Uxue Lazkano eta Ion Irureta– hitzaldia Seminarixoan, 10:00etatik aurrera.
  • Urriaren 22an. Bergarako eta Beasaingo jubilatu eta pentsiodunen abesbatzen kontzertua Seminarixoan, 19:00etatik aurrera.
  • Urriaren 23an. Oroimena eta ahazteak hitzaldia, Emma Okamikaren eskutik, San Joxepe elkartean, 18:30etik aurrera.
  • Urriaren 24an. Martzilla herrira egun osoko irteera. Izena emateko azken eguna urriaren 15ean, San Joxepen; soilik bazkideentzat.
  • Urriaren 25ean. Bingo musikala, igela eta toka jokoak, San Joxepe elkartean, 17:00etatik aurrera.
  • Urriaren 27an. Bazkaria, San Joxepe elkartean, Kulturaldiari amaiera emateko, 14:15etik aurrera; ondoren, musika eta dantza.

Horrez gain, jakinarazi dute urriaren 28an EITBko Quedate programara joateko gonbidapena jaso dutela, eta hogei lagun behar direla horretarako. Urriaren 31n, berriz, Gau Beltza dela-eta, Jardunekoekin batera txokolatea prestatuko dute San Martin plazan, 18:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak