Azokarekin gertatutakoa adibide hartuta, EAJk "denontzako gobernatzea" eskatu dio EH Bilduri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ira. 25a, 15:05

Ekoizle talde batek antolatutako sanmartinetako azoka, Oxirondon.

San Martin jaiez EH Bilduren Udal Gobernuak egindako balorazioarekin ez dago ados Bergarako EAJren udal taldea: "Ekitaldietan jendea ibili dela esatea eta eraso matxistei aurre egiteko arreta-gunean ez dela emakumerik artatu esatea ez da jaietan gertatu den guztia. Alkateak azoka bertan behera uztea erabaki zuela ez dute aipatu ere egiten". Horrez gain, "gardentasuna eta kudeaketa ona" aldarrikatu dute jeltzaleek.

EAJk ohar bidez aditzera eman duenez, ez datoz bat Udal Gobernuak San Martin jaien inguruan egin duen balorazio positiboarekin: "Behin eta berriz salatu dugu  Bergarako EH Bilduren Udal Gobernuak ez duela behar adina informazio ematen, ez kanpora begira eta ez, noski, oposizioko udal taldeei begira. Udalak azken San Martin jaiei buruz egindako balorazioarekin ez gatoz bat. Antolatutako ekitaldietan jendea ibili dela esatea eta eraso matxistei aurre egiteko arreta-gunean ez dela emakumerik artatu esatea ez da jaietan gertatu den guztia. Udalaren kudeaketa txarrarengatik, udal langileekin elkarrizketa eta konponbide bat ez bilatzeagatik, azokaren antolakuntza bertan behera uztea erabaki zuen alkateak. Lehen sektoreko baserritar eta ekoizleek antolatu behar izan dute bere kabuz 2024ko San Martin azoka, eta hau ez da aipatu ere egiten jaietako balorazioan, ezer gertatu ez balitz bezala beste alde batera begiratzen dute".

"Greba eskubidea eta feria antolatzea bateragarriak ziren"

Jeltzaleek gaineratu dute elkarrizketarekin Udaleko langileen greba eskubidea eta azoka antolatzea bateragarriak izan ahal zirela: "San Martin feria ez da sekula bertan behera utzi, urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da eta ez du balio zero kilometroko produktuak aldarrikatzea eta gero feria arintasunez bertan behera uztea langileen greba eskubidea arrazoituz. Langileen greba eskubidea eta feria antolatzea bateragarriak ziren langileekin elkarrizketa izan balute".

"Euren jendearentzat gobernatzen dute"

Jeltzaleek diote, batetik, oraindik ez dutela langileek duten arazoaren berri eta, bestetik, Udal  Gobernuak arazoak konpontzeko eta erdibideko soluzioak lortzeko gaitasun falta izugarria erakutsi dutela alkateak eta Udal gobernuak. "EH Bilduren gobernuak bere jendearentzat bakarrik gobernatzen du, gardentasunik gabe, parte-hartzea hitzetik hortzera erabili arren ez dago inolako parte-hartzerik hauteskundeetan hautatuak izan diren oposizioko zinegotziekin eta udal honetako arazoei, geroz eta ugariagoak, ez dakite aurre egiten. Oso ohitura arriskutsua hartzen ari dira, EH Bilduren estiloa dirudi, azken urteetan ikusi duguna", gaineratu dute.

Eta jeltzaleen bozeramaile Mikel Lete honako hau ere gaineratu nahi izan du: "EAJren gobernantza estiloa eskaintzan diogu gobernuari, elkarlana, auzolana, kudeaketa ona egiteko elkarrizketa eta oposizioa kontuan hartzea. Hauxe da EAJren gobernantza eredua, herriarekin eta herriarentzako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak