Guggenheim Urdaibai Stop plataforma egiten ari den lanaren berri izan dute Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ira. 25a, 09:52

Atzoko hitzaldia, Bergarako Irizar jauregian. Argazkia: Kukubaso.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformao kideek hitzaldia eman zuten atzo, irailak 24, Bergarako Irizar jauregian. Proiektuaren gaineko informazioa jaso zuten bertaratutakoek. "Administrazioetan egin dituzten lege tolesturak eta plataformak egiten dituen urrats legalen berri izan genuen", adierazi dute Kukubaso elkartekoek. Urriaren 19an Gernika-Lumon egingo den manifestaziorako dei ere egin zuten.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek azpimarratu zuten, besteak beste, proiektuak kostaldeari buruzko legea urratzen duela: "Alde batera uzten da itsas-lehorreko jabari publikoaren defentsa eta babesa".

Era berean, salatu zuten Urdaibai moduko eremu babestu baten hainbat kalte eragingo zituela: "Nazioarteko babesa duten eta padurari irabazitako lurrei buruz ari gara. Administrazioek baimena ematen diete Muruetako ontziolei lurzoruak deskontaminatzeko erantzukizuna saihesteko. Indarrean dauden babes-figura guztiek eremuaren kontserbazio-egoera altua mantentzeko betebeharra dakarte. Museoaren instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora eraikiko lirateke. Balio ekologiko handia duenez, eremu babestua da, eta, gainera, turistifikazioaren eragina jasango luke. Biosfera erreserba batean turismo masiboak ondorio negatibo ugari izan ditzake, bai ingurune naturalean, bai tokiko komunitateetan. Biosfera-erreserbek euren balio ekologiko eta kulturalagatik aitortutako eremu babestuak dira, eta biodibertsitatearen kontserbazioa, garapen iraunkorra eta ikerketa zientifikoa sustatzera bideratuta daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak