Ehun urte beteko dira domekan, irailaren 29an, Miguel Okina margolari bergararra jaio zela, eta BEART Bergarako Artisten Elkarteak eta Miguel Angel Elkoroberezibar irakasle eta ikertzaileak antolatuta, mendeurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute Seminarixoan, 12:00etan. Bergara, pintore herria. 250 urteko transmisioaren gakoak hitzaldia emango du lehendabizi Elkoroberezibarrek. "Bergarako testuinguru artistiko oparoa ez da gauetik goizera sortu. 1774an, orain dela 250 urte, Bergarako Doako marrazketa eskola sortu zenetik gaur egunera arteko transmisioaren gakoak jorratuko ditu bere hitzaldian", azaldu dute antolatzaileek.
BEARTeko Okina batzordeak, berriz, 2024tik 2025era egingo dituzten ekintzen berri emango du, ondoren. Honako datak zehaztu dituzte:
- 2024ko azaroaren 16a. Erromesaldia Bergarako kultura eta elkarte gastronomiko batera. Bisita gidatua egingo da bertako hormetan zintzilik dauden koadroak ezagutzeko.
- 2025eko urtarrilaren 3a. Kuadro forum-a, Aroztegi aretoan.
- 2025eko apirilean. Okinaren ikatz-marrazkien erakusketa, Bergarako jendearen erretratuak, Aroztegi aretoan.
- 2025eko apirilean. Kuadro forum-a, Aroztegi aretoan.
- 2025eko ekainean. Erromesaldia Bergarako kultura eta elkarte gastronomiko batera. Bisita gidatua egingo da bertako hormetan zintzilik dauden koadroak ezagutzeko.
- 2025eko irailaren 13an. Miguel Okinari buruzko liburuaren aurkezpena, Miguel Angel Elkoroberezibar egilearen eskutik.
- 2025eko irailetik urrira. Okinaren erakusketa antologikoa, Aroztegi aretoan: olio pinturak, erretratuak, paisaiak eta natura-hilak.