Hobekuntzak Agorrosingo instalazioetan, "azken urteetako udarik jendetsuenean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ira. 24a, 09:40

Artola, Ugarteburu eta Usabiaga, Agorrosingo gimnasioan; eta ondoan, zenbait erabiltzaile. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak "hainbat inbertsio" egin ditu Agorrosingo instalazioetan, erabiltzaileen eskaerei erantzun eta mantenua hobetzeko asmoz. Hobekuntza horien artean gimnasioko eta Ipintza futbol zelaiko inbertsioak azpimarratu dituzte. Bestalde, kiroldegiko datuen arabera, "azken urteetako udarik jendetsuena" izan da aurtengoa.

Bergarako Agorrosin kiroldegiko datuen arabera, "azken urteetako udarik jendetsuena" izan da. Aldi berean, Bergarako Udalak hainbat inbertsio egin ditu kiroldegian, esaterako, gimnasioan edo Ipintzako futbol-zelaian. Bertan egindako inbertsioei esker, instalazioak hobetu ahal izan dira, mantenu-lanen kostuak murrizteaz gain.

Udako balorazioa ezagutu eta inbertsioen emaitzak ezagutzeko asmoz, Gorka Artola alkateak eta Maite Usabiaga zinegotziak instalazioak bisitatu dituzte. Bertan, mantenua hobetzearen garrantzia nabarmendu dute: "Inbertsio hauek, erabiltzaileentzat onuragarriak izateaz gain, materialaren mantenurako ere hainbat abantaila izango dituzte. Gimnasioaren kasuan, esaterako, hurrengo bost urteetako mantenua enpresak berak hartuko du bere gain. Bergararrei ahalik eta zerbitzu eta espazio duinenak eskaini nahi dizkiegu", nabarmendu dute Artolak eta Usabiagak.

Erabiltzaileen datuei erreparatuz, aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua bitartean 67.740 erabiltzaile pasa dira Agorrosinetik. Iazko asistentzia 65.150 pertsonakoa izan zen, eta eta 2022koa, berriz, 58.450 pertsonakoa. Artola eta Usabiagaren hitzetan, "datu hauek erakusten dute Agorrosinek garrantzia handia daukala bergararron bizitzetan, batez ere bizimodu osasungarri bat izateko. Zentzu horretan, Udaletik zerbitzuak hobetzen jarraitzeko apustua egingo dugu".

Apustu horren adierazle dira udan zehar kiroldegian egin diren hobekuntzak. Alde batetik, gimnasioko areto ezberdinetako material guztia eta lurzorua aldatu dira, eta datozen bost urteetarako makinen mantenua lanak egin dituen enpresak hartuko du bere gain. Lan guzti hauetarako 142.745 + BEZ euroko aurrekontua bideratu da.

Bestetik, Ipintzako futbol zelaia eraberritu du Udalak, zelaia zabaldu zenetik 15 urtera. Guztira, 230.000 euroko partida jarri du proiektu honetarako. Lan hauekin Ipintza futbol zelaiko belarra, ateak, inguruko sarea eta aspertsoreak jarri dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak