Nerea Agirrezabal, urte ona eginda, beste urtebetez jarraitzera

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 20a, 21:00

Nerea Agirrezabal, trainerua taldekideekin batera uretatik ateratzen.

Kontxako Banderan Arraunak taldea ez zuten denboraldiko estropada askotan bezala estutu, baina Nerea Agirrezabal pozik dago Tolosan egin duen bigarren urtearekin. Aurrerapausoa eman dezaketela sinetsita dago bergararra.

Kontxako Banderak ez die aho-zapore onena utzi, baina Tolosako arraunlariak pozik daude egindako urtearekin, eta tartean da Nerea Agirrezabal (Bergara, 1994). Taldean egin duen bigarren urtean koska bat egin dute gora, baina aurreikusten du datorren urtean erreferenteetako bat izan daitezkeela, eta taldea gertu dagoela hori sinesteko. "Aurten estropada bat irabazi dugu; Zarauzko Banderan izan zen, baina bandera bera ez genuen irabazi bi jardunaldi izan zituelako eta zapatuan txarto ibili ginelako. Akaso, hor izan dugu akats handietako bat, oso irregularrak izan garela. Ondo egon garenean Arraunak-i aurre egiteko kapaz garela erakutsi dugu; estropada askotan izan gara bigarrenak edo hirugarrenak. Baina ez geundenean ondo, asko egin dugu behera; bosgarren sailkatzen ginen, eta aurrean ibiltzeko beherakada handia da hori".

Kontxan, ezusterik ez

Esan bezala, Kontxako Bandera izan da denboraldia amaitzeko izan duten azken hitzordua. "Pena izan zen lehenengo jardunaldian Arraun Lagunak-ek besteekiko halako abantaila hartu izana; bagenekien hori zuzentzeko bigarrenean zerbait gertatu behar zela: itsaso txarra, euren akatsen batengatik urduri jarri eta denbora etengabe galtzen joan... Baina ez zen halakorik gertatu. Itsaso zakarrarekin nahikoa da olatu bat hartzea hamar segundoko aldea segituan txikitzeko, baina itsaso barea egon zen eta ez zen emoziorik egon".

Ligan egindako lana, baina, orokorrean, oso ona izan da. "Estropadak irabazteko moduan geundela sinestea falta izan zaigu. Baina urte oso polita izan da, eta beste urtebetez jarraitzeko erabakia hartu dut; ikusten dut datorren urtean Tolosak aurrerapausoa eman dezakeela eta garaipenen borrokan ibil gaitezkeela".

Bestalde, Agirrezabalek dio emakumezkoen arrauna mailaz igotzen dabilela, eta hobetzen jarraitzeko gogoz dagoela: "Aurtengo estropadetan errekorrak behin eta berriz ontzen ibili gara. Ez bakarrik estropada irabazten zuenak, baita bigarren egiten zuenak ere. Maila izugarri igo da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak