Txapa irratiko kideak gogotsu daude berezia izango den ikasturte berrirako: "Aurten ere, ikasturte berriari begira, Txapa irrati libreak bere ateak zabaldu nahi dizkio irratsaio bat egiteko ideia, asmoa edo gogoa izango zukeen edonori. Horregatik, domekan, irailak 22, bilera irekia egingo dute arratsaldeko zazpietan Kartzela Zaharrean. Bertaratu ezin duenak txapa35urte@gmail.com helbidearen bitartez jarri daiteke kontaktuan, irrati-kideei buruan darabilen ideia aurkezteko. Behin parrila osatuta, urteroko ohitura bihurtu den denboraldi berriaren aurkezpen jaia egingo dugu urriaren 13an, 12:00etan".
Esandako moduan, aurtengoa ikasturte berezia izango da Txaparentzat, 40 urte beteko dituelako: "Hala, urte guztian zehar kontzertu, festa, otordu eta ekitaldi ezberdin andana antolatuko dira berau ospatzeko".
KIT eta Angiolillo elkarlanean
Bestetik, KIT! Kolax irratsaioaren eta Angiolillo liburutegiaren arteko elkarlanari esker, Kartzelako Irakurketa Taldeak ere hasiera emango dio ikasturteari: "Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburua proposatu zen eta idazlearekin solasaldia antolatu dugu irailaren 26-an, 18:30ean. Hurrengo saioa Joseba Sarrionandiarekin izango da urriaren 17an".