Ikasturte hasierako ekitaldia urriaren 24an ospatuko da Seminarixoan, 20:00etatik aurrera, bakarrizketak eta bat-bateko bertsoak uztartzen dituen Kilimaterioa ikuskizunarekin. Izena emateko epea, gaur, irailaren 17, hasi eta urriaren 6ra arte luzatuko da, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da etxe guztietan, https://www.bergara.eus/eu/udal-zerbitzuak/berdintasuna helbidean edo udaletxean banatuko den ‘Izena Emateko Orria’ betetzea.
Plaza kopurua mugatua da. Tailerretako plazak esleitzeko zozketa egingo da izena eman duten emakume guztien artean. Zozketan lehentasuna izango dute Bergaran erroldatutako emakumeek. Izena emateko epea amaitutakoan, taldea sortu eta plaza librerik geratzen bada, izen gehiago jaso ahal izango dira, plazak bete arte. Gainera, hala eskatuz gero, Haurtzaindegi Zerbitzua eskainiko da tailer eta hitzaldi guztietan.
Berdintasun sailak honako mezu hau helarazi nahi izan du: "Bergarako emakumeentzako Jabekuntza Eskola era askotako emakumeentzako topaketa-gunea da. Bertan, praktika eta teoria feministetan murgiltzen gara; konpartitu, hausnartu eta elkarrengandik ikasi; eta nork bere burua eta elkar zaintzeari denbora eskaintzen diogu. Era berean, gure artean sareak sortu eta espazio emozional, fisiko, sozial eta politiko berriak okupatu nahi ditugu. Proiektua bizia eta dinamikoa da. Hizkuntza nagusia euskara duen arren, aldi berean, Bergaran bizi garen emakume anitzen identitateetatik eraiki nahi dugun proiektua da".
Udalaren Berdintasun zerbitzuarekin harremanetan jartzeko:
- San Martin Agirre plaza 1, udaletxeko hirugarren solairuan.
- 943779145 · 688811760
- berdintasuna@bergara.eus