Helduen danborrada izango da San Martin jaietako hitzordu nagusia, baina festa asteburu osoan izango da eta askotariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute bergararrek herriko hainbat txokotan. Hala, aurten ere Xaxau Jai Herrikoen Konpartsak egitarau propioa antolatu du, egubakoitzetik domekara. Atzo, eguena, ibili ziren Munibe plazan egongo den txosnagunea muntatzen, eta gaur 19:00etan izango da irekiera; hasteko, mojitoak hartzeko aukera egongo da. Musika izango da, ordea, datozen hiru egunetan nagusi txosnagunean, kontzertu ugari egongo baitira.
Beti bezala, Xaxauk ahalegin berezia egin du Bergarako zein eskualdeko musika taldeak ekartzeko. Hori baieztatzeko, musika egitaraua ikusi besterik ez dago. Hasteko, gaur gauean, 22:00etan hasita, Oñatiko Malko taldea eta Bergarako eta Arrasateko Añube taldea egongo dira oholtza gainean, DJ Oli(yo)-rekin batera. Zapatuko emanaldiek ere izango dute kutsu debagoiendarra: Etxekalterekin eta Xsakararekin batera Lizartxo erromeria izango da; oñatiarrentzat euren ibilbideko azken kontzertua izango da, gainera. Mural margotzea egongo da ostean, eta domeka gauean, berriz, pintxada kolektiboa.
Herri bazkari jendetsua
Bien bitartean, herri bazkariak ere ez du hutsik egingo. Aurten, gainera, jendetsua izango da, 200 bat lagun espero dira-eta Munibe plazan (15:00); bazkarirako txartel guztiak saldu dituzte. Hori gutxi balitz, txartela erosi dutenek menu orojalearen edo begeta-beganoaren artean aukeratu ahal izan dute. Behin sabela beteta, bazkariak paso emango dio bingo musikatuari.
Herritarren parte-hartzea
Jaiak aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da herritarren laguntza, eta Xaxauk dei egin die herritarrei: alde batetik, txosnako azken orduko txandetan lan egiteko jendea behar dute; bestetik, astelehenean egingo den desmuntatzean laguntzeko eskatu dute.