Naiara Alonso Olabarria: "Denda handiagoa eta erosoagoa da oraingoa"

Goiena 2024ko irailaren 16a

Naiara Alonso –erdian–, haren ama Trini Olabarria –eskuman– eta Arantzazu Balanzategi lankidea. (Argazkia: The Badass Project)

Lekuz aldatu da Bergarako Mujika jostundegia: San Martin plaza ondoko Barrenkalea 1etik kale bereko lokal berrira. Espazio handiagoa dago orain arropak erakusteko.

Urte askotako jostundegia da Mujika, ezaguna Bergaran eta inguruetan.

XIX. mendearen amaieran ireki zuten. Orduan, neurrira egindako jantziak egiten zituzten. Sasoien arabera bezeroen beharretara egokituz joan da, gaur arte. Unerik gorenean, hogei bat lagun aritu ziren lanean lantegian: jostunak, dendariak eta abar. Bergaran ez ezik, Eibarren ere bazuten beste denda bat.

Zure ama Trini Olabarria aritu da urte askoan bertan, mujikatarrekin lehenengo eta gerora bere gain hartu zuenean negozioa; orain, zeu.

50 urte baino gehiago. Lehenengo, langile; eta gero, jabe. Erretiroa gertu zeukanean buruari bueltaka hasi nintzen. Inork ez zuen dendarekin jarraitu nahi eta pena izugarria ematen zigun denda ixteak, horrenbeste urte, lan eta istorio bizi ostean. Enpresa munduan lan egin izan dut beti eta gaztetan ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten dendan lan egitea. Baina dendakoa oso gustuko dudan lana denez, neure buruari esan nion: "Zergatik ez nire enpresa eduki eta hura denda bat izan?".

Tokiz aldatu duzue denda; zergatik?

Barrenkalea 1eko –San Martin plazara eta Barrenkalera begira– lokala txiki geratu zitzaigun eta oztopo arkitektoniko garrantzitsuak zeuzkan: eskailerak, arropak probatzeko gelak eta abar. Beraz, lokal berri batera mugitzea erabaki genuen, kale berean, Barrenkalea 23ra. Guretako guztiz aproposa da. Denda, goian; biltegia, azpian; biak sarrerarekin... Bikaina!

"KANPOKO EZKONGAI ASKO ETORTZEN ZAIGU DONOSTIATIK, GASTEIZTIK EDOTA BIZKAITIK"

Ze ekarpen egingo diozu zuk orain denda berriarekin?

Nire ukitua emango diot, nire izaera islatuko da, aukeratu ditudan altzarietatik hasita. Bestetik, aukera zabalagoa edukiko dugu, baita marka berriekin ere. Mutilendako gazte arropan, adibidez, Hïka hartu dugu, besteak beste; kalitate ona, gertu ekoiztua.

Eta zeri eusten diozue? Ze geratzen da lehengo Mujika dendatik?

Ez dugu aldatuko lan egiteko modua: profesionaltasuna eta gertutasuna dira guretako garrantzitsuenak. Sartzen zarenetik etxean bezala sentitzea, eroso, presio barik… Erosi edo ez erosi, berdin da... Hori jendeak asko eskertzen du. Beste berezitasun garrantzitsu bat arropa-neurrien kopuru handia da. Trajeetan, adibidez, 42tik 70era. Pentsa! Eta berdin beste arropa guztiekin. Ez da erraza horrenbeste neurri aurkitzea. Emakumezkoen artean, askotan, neurri bakarreko arropak eskaintzen dira.

Gurean ez. Arroparen itxurari dagokionez, ze nabarmenduko zenuke?

Linea klasikoari eutsiko diogu, Meyer eta halako markekin. Kalitatezko produktuak dira. Ezpeletaren aterkiak ere izango ditugu, orain arte bezala. Eta beste osagarri asko ere izango ditugu. Azken finean, Mujika Jostundegia 2.0 bat da [barre], lehengo eta oraingo onenarekin!

Zerk bereiziko zaituzte aurrekotik?

Denda berriaren erosotasuna azpimarratuko nuke, lehengoaren kale berean. Espazio handiagoa lan egiteko eta bezeroek arropak ikusteko. Aukera zabalagoa edukitzeko posibilitatea, betiko markekin eta baita berriekin ere.

Ezkontza zein bestelako ospakizunetarako trajeak erosten dira?

Sare sozialen eraginez, kanpoko ezkongai asko etortzen zaigu, bailaratik aparte: Donostiatik, Gasteiztik, Bizkaiko hainbat tokitatik… baita Nafarroatik ere. Jendeak ez du pentsatzen, etorri arte, zelako aukera zabala daukagun, haluzinatu egiten dute. Traje gehienak ez dira neurrira egindakoak, prêt-àporter dira; gaur egun dagoen material eta kolore aukerarekin ez dago behar handirik neurrira egiteko, eta prezioan oso alde nabarmena dago. Baina ordaindu nahi duenarentzat, aukera hor dago!

Salgai dauzkazuen arropen marka batzuk aipatuko zenituzke?

Hika, Superdry, Wrangler, gazteendako; Pioneer, Mirto eta Meyer, casual estilorako; Etiem, Ramon Sanjurjo Antonaga, trajeetarako...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak