Laboratorium "sustatzeko" konpromisoa hartu du Dominguezek, museoa bisitatu eta udaleko zein zentroko ordezkariekin bildu ondoren: "Gipuzkoa bere hiriburua edo kostaldea baino gehiago da, eta Laboratorium horren erakusgarri ona da. Bergarak izen propioa du munduko panorama zientifikoan, eta, lurralde gisa, hura baloratzea eta munduari ezagutzera ematera behartuta gaude. Horregatik, museoa ezagutarazten lagunduko dugu, turismoa deslokalizatzen eta desestazionalizatzen laguntzeko". Erantsi du Laboratorium "erakarri nahi duten turismo motaren adibide ona" dela: "Turismo jasangarria, ingurunearekiko eta auzokideekiko errespetua duena, eta gure lurraldera nor garen eta historian jokatu dugun papera ezagutzeko jakin-minarekin iritsiko dena".
Bestalde, Gorka Artolak, Bergarako alkateak, urteurrena gogoan izanda, erakundeen lankidetzan jarri du arreta: "Laboratorium erreferente bat da zientzia eta ezagutza lantzen duten museoen artean. Gure oraintsuko historia markatu duten hainbat puntu azaltzen dira, hala nola Elhuyar anaiek wolframioarekin egin zuten aurkikuntza. Museo honek hamar urte beteko ditu eta, zentzu horretan, horrelako ekimenek erakundeen babesa merezi dutela uste dut".