Bergarako San Pedro parrokia beteta, Euskadiko Orkestraren kontzertua entzuteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ira. 7a, 11:58

Bergarako San Pedro parrokiako Stoltz-Freres organoaren aldeko kontzertua eskaini zuen atzo Euskadiko Orkestrak elizan bertan. 500 lagundik gora elkartu ziren, eta sarreren bidez bildutako dirua organoaren mantentze lanetara bideratuko da bere osotasunean.

Bi urte eta erdiren ostean, Frantzian konpontze lanetan egon ostean, apirilean itzuli zen Stoltz-Freres organoa Bergarako San Pedro parrokiara. Oraindik muntatze lanetan ari dira, baina mantentze lanetarako dirua biltzeko Euskadiko Orkestraren kontzertua antolatu zuten Bergarako Udalak eta San Pedro elizako Stoltz Freres Organoaren Lagunak Elkarteak. 500 lagundik gora elkartu ziren eta elkarteko kide Iñigo Alberdi gustura agertu zen emanaldiak izandako harrerarekin. "Emandako erantzuna eskertu nahiko nieke herritarrei. Ez dakit harrituta den hitza, baina benetan oso pozik gaude. Espero dugu organoa berrizten denean ere erantzuna bera izatea. Argi ikusten da herrian San Pedroko organoa maite duela".

Martin Funda biolin-jotzaile eta zuzendari alemaniarren gidaritzapean jo zituzten Mozarten Turkiarra eta Schubert-en 5. sinfonia. Piezak 35 musikari ingururen artean jo zituzten, gehienak soka-instrumentuak ziren. Errepertorio aukeraketagatik zihoen Fundak eraikin altuetan ezin dela "oso azkarrak" diren doinuak jo: "Mugimendua aurkitu behar duzu, baina mugimendu lasaia. Eraikinaren akustikarekin bat egiten duena. Pieza ezberdinak aukeratu ahal nituen, baina horiek biak aukeratu ditut. Interesgarriak diren bi konpositore dira eta oso bi pieza berezi dira. Biek 19 urte baitzituzten obra horiek konposatu zituztenean".

Egitarau ofizialetik aparte, opari modura, Jose Mari Usandizagaren soka-laukoteko zati batekin amaitu zuten emanaldia; Itsasoa laino dago obraren ingurukoa. Azkenik, Agur Jaunak interpretatuz amaitu zuten ekitaldia. Une horretan, ikusleak zutik jarri eta abestu egin zuten.

Seigarren aldia

Euskadiko Orkestrak Bergaran jo duen seigarren aldia izan da, baina Alberdik adierazi du "berezia" izan dela kontzertu hau; organoaren aldeko kontzertua izateaz gain, formatu txikiagokoa izan delako. Bergarako San Pedro Elizako Stoltz Freres Organoaren Lagunak Elkarteak oroigarria eman zion Orkestrari saioaren amaiera aldera.

Hala, Stoltz Freres organoaren muntatze lanekin jarraituko dute datozen hilabeteetan, baina dagoeneko jarri dute inaugurazio data: abenduaren 8an izango da. Oraindik ekitaldia zehaztu gabe badago ere, zerbait egingo dutela aurreratu du Alberdik: "Argi daukagu lehenengo erabilpena liturgiaren barruan izango dela, baina gero pentsatzen gabiltza beste zerbait egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak