Gaur inauguratuko dute Bergarako Elikaenea

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 6a, 10:59

Bergarako Elikaenea, inaugurazio-ekitaldi bezperan.

Oxirondo azokako beheko solairuan kokatua, 18:30ean egingo dute espazio berriaren irekiera-festa. Ereindajan kooperatibak kudeatuko du espazioa, eta bai denda bai sukaldea zabalik izango dira astelehenetik aurrera.

Ordu erdi inguruko ekitaldia, Harria taldearen kontzertua, bertako sukaldeko pintxoak eta haurren txokoa izango dira Bergarako Elikaenearen irekieran. Elikaenea Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko egitasmoa da; "Oxirondo berria gorpuztu eta bergararrei plaza ireki bat eskaini nahi dien egitasmoa".

Ereindajan kooperatibako kideek hartu dituzte espazio berriaren kudeaketa ardurak. Uztaileko osoko bilkuran onartu zen irabazi asmorik gabeko kooperatibaren eta Bergarako Udalaren arteko hitzarmena. "Elikaduraren eta sukaldearen inguruan herri mailako elkargune berri bat martxan jarriko da ekoizle, merkatari, udal, eragile eta herritarrekin batera", azaldu dute Bergarako Udaletik.

Askotariko jarduerak

Herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua dela azaldu dute Ereindajan kooperatibako kideek. Sukalde komunitario bat eta bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko denda bat izango ditu.

Horrekin batera, elikadura arloko etorkizuneko erronkei heltzeko askotariko zerbitzuak eta ekintzak egongo dira martxan irailetik aurrera: sukaldaritza ikastaroak, show-cooking-ak, dastaketak, zizka-mizka zerbitzua, solasaldiak, tokiko produktuen merkaturatzerako logistika... "Berrikuntzetako bat Eguaztenak Oxirondon dinamika izango da: bertako ekoizleekin, merkatariekin eta sukaldariekin martxan jarriko den dastaketa eta solasaldia. Asmoa da eguazten oro sasoiko produktu batekin egindako errezeta proposatzea, bertako baserritarren azoka egoten dela baliatuz".

Zabalik astelehenetik aurrera

Ereindajan kooperatibak uztailaren 30ean itxi zuen sei urtez Bergarako Joan XXIII.a plazan kudeatutako denda. Gaurko inaugurazio festarekin irekiko dute Oxirondo azokako espazio berria, eta astelehenetik aurrera zabalik izango da. Ordutegiaren berri ere eman dute: astelehen, martitzen, eguen eta egubakoitzetan 09:30-13:30 eta 16:30-19:30 artean; eguaztenetan ordutegi jarraitua izango dute, 09:30-19:30 artean; eta zapatuetan 08:00etatik 13:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak