"2022ko otsailean Errusiak Ukrainaren inbasioari ekin zion; Chernobyletik sartu eta Ivankiv eskualderaino iritsi ziren" dio Ura Iturraldek. Ivankiv eskualdekoak dira Bika eta haren familia, eta errusiarrek eskualdea okupatzerakoan Bika Kiev-en zegoen arren, haren familiak etxeko sotoan ezkutatuta pasa zituen egun asko.
Argazkilariak Bikaren bi familien historia kontatzen du erakusketan, eta hiru zatitan banatua dago: lehenik eta behin, Ivankiv eskualdearen sarraskia erakusten du, okupazioak eragindako txikizioa; ostean Bika Tolosako harrera familiarekin ateratako argazkiak aurkezten ditu, txikitatik gaur egunera; izan ere, Bika ume zenetik joan da Tolosara udaro; azkenik, Bika eta haren familia elkartu ziren unea azaltzen du.
Argazki erakusketa berezia da Bikaren itzulera, izan ere, ilunetan ikustekoa da, linterna txiki batekin. Ura Iturraldek ikuslea nolabait Bikaren familiaren larruan jartzea nahi zuen, okupazioa ematen zen bitartean soto hartan zeudela sentitzeko, ilunetan. Gainera, sirena hotsak ere jarri ditu, hori baita Ivankiveko herritarrek entzuten zutena.
Erakusketa atzotik hasita egunero egongo da ikusgai Aroztegi aretoan hilaren 15a arte: astelehenetik barikura 18:00 eta 20:30, zapatutan 12:00 - 14:30 eta 18:00 - 20:30, eta domeka eta jai egunetan 12:00 - 14:00.