Berumuga musika zikloaren 24. aldia bukaerara iritsiko da gaur, Northagirres taldearen kontzertuarekin, Espoloian, 22:00etan. Aurreko hiru egubakoitzetako proposamenak atzerriko goi mailako taldeak izan dira, eta gaurko taldea Urretxutik dator. Eta zuzenekoan erakutsiko duten mailari dagokionez, gaur ere goi mailako kontzertuaz gozatuko du Espoloira joango den musika-zaleak. "Ziur talde horrek giro ederra sortuko duela Espoloian aurtengo Berumuga zikloa agurtzeko; berehala hasiko gara datorren urteko eskaintza prestatzen. 2025ean 25 urte beteko ditugu, gainera", dio Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek.
Eskarmentu handiko rockerrak
Ameriketako Estatu Batuetatik eta Australiako iturrietatik edaten duen rock-and-roll taldea da Northagirres. Rocka, countrya, bluesa, rhythm & bluesa, eta hori guztia ondo berezitako bi gitarrez elikatuta; eta hammondaren, pianoaren eta baxuaren zein bateriaren erritmo atal sendo eta askotarikoak eskainiko dituzte. Riffak, melodiak, erritmoa, jarrera... goi mailako ikuskizuna emango dute. Bost rockerrek osatzen dute taldea: Iñigo Agirrebalzategi –ahotsa eta gitarra–, Aitor Godoy –gitarra–, Ana Agirrebalzategi –pianoa, hammonda eta koruak–, Julen Makazaga –bateria eta koruak– eta Borja Aranburu – baxua eta koruak–. Eskarmentu handikoak dira musikari guztiak; besteak beste, honako talde hauetan aritutakoak: The Hot Dogs, Müturbeltz, Sorkun, Dirty Jackets, Supertrooper eta Painful.
"Soinu dotore eta sendoa"
Antolatzaileen arabera, Northagirres rock, country eta blues abesti basatien nahasketa da: "Soinu dotore eta sendokoa, artifiziotik ihes egiten duena, premia, melodia, atzapar eta emozioan zentratzeko, ahots-indar eta konposizio-talentu handiko kantu distiratsuetan. Gitarra, teklatu eta erritmo indartsuen indar sortzaile itzelarekin harrapatzen gaituzte, zuzenekoaren benetako espiritua berreskuratzen duten konposizio ikaragarriak eskaintzen dizkigute, rock-androll indartsuaren, rock-and-blues malguaren eta country-rock zirraragarriaren zartada ziurrak emateko. Zalantzarik ez Iparragirre harro egongo litzatekeela haren jarraitzaile rockerrez".
Taldeko musikariei eragin dieten taldeen artean daude, besteak beste, honako hauek: The Rolling Stones, Bob Dylan, Gram Parsons, Mott The Hoople, Neil Young, Tom Petty, Lou Reed, T. Rex eta Burning.