Helena Jones: "Hasieratik sentitu naiz beste taldekide bat bezala"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko uzt. 19a, 19:13

Helena Jones podiumean garaikurrarekin, Asturiasen. Argazkia: Lokatza Ziklismo Eskola.

Lokatza Ziklismo Eskolaren harremanei esker eta Munduko Txapelketak prestatzen ari dela-eta, Igamo Packaging taldearekin lehiatu zen joan den asteburuan Helena Jones (Milwaukee, Wisconsin, AEB, 2006) txirrindulari estatubatuarra. Pola de Sieron (Asturias) lehiatu zen Jones joan den asteburuan, eta lasterketako azkarrena izan zen; denboraldiko hirugarren garaipena eman dio Jonesek Igamo Packaging taldeari. Gustura eta eskertuta erantzun ditu Jonesek GOIENAren galderak.

Zergatik etorri zara Bergarara ziklismoan lehiatzera?

Espainian lasterketak egiteko eta esperientzia hartzeko aukera gehiago daude Ameriketako Estatu Batuekin alderatuta. Txirrindulari gisa ahalik eta gehien ikasi eta haztera nator.

Nolako esperientzia ari da izaten?

Asko ari naiz gozatzen, atsegin dut-eta munduan zehar bidaiatzea, jende berria ezagutzea eta kultura berriez ikastea. Nolakoa izan da taldearen harrera? Itzela izan da, taldekide gisa hartu naute. Erraz egokitu naiz, ohituta nago asko bidaiatzen eta jende berria ezagutzen. Beraz, niretzat ez da arazoa hemen bakarrik egotea.

Zer azpimarratuko zenuke Igamo Packaging taldearen izaeratik?

Gehien gustatzen zaidana da taldeko kideak oso gertukoak direla, familia baten antzeko harremana dagoela taldekideen artean. Hasieratik sentitu naiz beste taldekide bat bezala, eta hori eskertzekoa da.

Ze helburu dituzu begiz jota epe motz edo ertainera?

Nire hurrengo helburua irailean jokatuko diren Munduko Txapelketak dira. Bergarako taldera etorri naiz iraileko Munduko Txapelketak prestatzeko. Aurrera begira, ahalik eta lasterketa gehienetan parte hartu nahiko nuke, eta, ahal denetan, azkarrena izan helmugan. Eta egunen batean, posible balitz, txirrindulari profesionala izatea litzateke nire ametsa.

Helena Jones –garaikurrarekin–, taldekideekin batera. Argazkia: Lokatza Ziklismo Eskola. 

Abuztura arte lehiatuko da Bergaran

Lokatza Ziklismo Eskolako Igamo Packaging talde barruan dagoen giro onaren lekuko izaten ari da Helena Jones estatubatuarra Bergaran bizitzen ari den esperientziari esker. Abuztura arte arituko da Bergarako taldearekin lehiatzen eta adierazi du "prestaketa onena" izango dela irailean jokatuko diren Munduko Txapelketei begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak