Berumuga musika zikloaren barruko bigarren kontzertua izango da gaur, uztailak 12, Espoloian (22:00). Ameriketako Estatu Batuetako John Nemeth musikari ospetsua izango da protagonista gaur, The Blues Dreamers taldearekin batera emango duen kontzertuan.
Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek aurreratu duenez, Europan biran egiten dabiltza John Nemeth and The Blues Dreamers, eta gaur Bergarako Espoloian emango duten kontzertua Euskal Herrian emango duten bakarra izango da: "Mundu osoan errekonozitua den musikaria da John Nemeth eta Europan zehar ematen dabilen biraren barruan geldialdi bakarra egingo du Euskal Herrian, eta hori Bergaran izango da. Blues eta rhythm doinuez osatutako kontzertu paregabe batez gozatzeko aukera izango du Espoloira joango den musika-zaleak. Normalean agertoki handietan eta urrunetik ikusi ohi den kontzertua gertutik ikusi ahal izateko aukera ezin hobea izango da".
Azkena izan zitekeelako
Ibilbide luzea darama Nemethek bereziki bere ahotsarekin entzulea maitemintzen, eta bidean topatu ditu zenbait zailtasun. Azken oztopo garrantzitsuena, 2022an izan zuen gaixotasun larria. Izan ere, gaixotasun hilgarria tratatzeko masailezurra ordezkatzeko kirurgia bati aurre egin behar izan zion, eta, haren ibilbidearen bukaera izan zitekeela jakinda, musika munduko lagun zaharretako batzuk May Be The Last Time diskoa grabatzen laguntzera joan ziren ebakuntza egin aurretik; lagun horien artean izan ziren Elvin Bishop, Bob Welsh, Willy Jordan, Kid Andersen eta Alabama Mike. Hala ere, ospitaletik onik irten zen Nemeth; ondo sendatu zen, eta agertokietara itzuli. Esandako moduan, gaur egun Europan barrena dabil eta Bergarakoa izango da Euskal Herriko kontzertu bakarra.