Bergarako zinegotzi sozialista, Alberto Alonso (Oñati, 1976), izango da aurrerantzean Gogorako zuzendari berria. Bederatzi urte dira Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu zela, eta ordutik Aintzane Ezenarro ibili da zuzendari lanetan; orain, Alonsok hartuko dio lekukoa. Imanol Pradales lehendakari izango duen legealdi hau iritsi arte, azken hiru legealdietan, EAJrenak izan dira memoriari lotutako karguak, baina, koalizio berria osatu ostean, PSE-EEk hartuko ditu kargu horiek; hori da Alberto Alonso zuzendari izendatzearen arrazoietako bat.
Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan Arabako zerrendetan aurkeztu zen eta legebiltzarkide moduan hautatua izan zen Alonso; hala, gaur-gaurkoz, bertan duen tokia utzi beharko du politikari oñatiarrak eta beste parlamentari sozialista batek hartuko du haren lekua.
Alderdi Sozialistako kidea 2016 eta 2020. urteen artean Osalaneko (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) zuzendaria izan zen, eta, era berean, 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeetan Bergarako PSE-EEren alkategai. Hain zuzen ere, gaur egun Bergarako Udalean sozialisten bozeramailea izaten jarraitzen du Alberto Alonsok.