Olaso Dorrea Fundazioak sare sozialen bidez iragarri du Irati Jimenez idazle eta kulturgilea izango dela hemendik aurrera fundazioko lehendakaria. Idazle mundakarra urte luzez ibili da fundazioko patronatukide gisa, eta orain lehendakari funtzioak beteko ditu, patronatu bilkurak hala erabakita. Zoriontzeaz gain, fundazioak eskerrak eman nahi izan dizkio Jimenezi, kargua onartzeko erakutsi duen "konpromiso eta eskuzabaltasunagatik".
Hain zuzen ere, Iratxe Esnaola lehendakari ohiak Jimenezi pasako dio lekukoa, sei urtez karguan izan ostean. Gustura daude fundazioko kideak zarauztarraren "6 urteko konpromiso eta lan izugarriagatik". Hala ere, Esnaolak Olaso Dorrera lotuta jarraituko du, patronatukide eta Telesforo Monzon eLabeko laborategikide.
Ez da izan fundazioak iragarri duen aldaketa bakarra; lehendakariorde berria ere izendatu du patronatu bilkurak: Maite Aristegi nekazari bergararra.