San Martzialak Letaniarekin hasi dituzte Bergaran eta ohiko modura, meza egon da goizean, eta musikariek, idiek, udal ordezkariek nahiz hainbat herritarrek goizeko hamarrak aldera hartu dute San Martzialera igotzeko bidea.
Kuadrilek mahaiak eta mokaduak prest, 11:45 aldera hasi da Xamatz taldeko kide ohien Tia Laran seme-alabak ikuskizuna. Arkaitz Arana da horietako bat, eta hark azaldu du lehen soka-dantzaren aurretik dantza egiten zutela eta ohitura hori aurten berreskuratu nahi izan dutela taldekideetako askok 50 urte bete dituztelako aurten.
Hala, Tio Teronen semea oinarri hartuta, Tia Laran seme-alabak ikuskizuna prestatu dute, eta San Martzial eguneko egitarauari egin diote keinua bertsoak kantatuz eta estilo ezberdinetako abestiak dantzatuz.
Soka-dantzan ere artiu dira dantzariak, udal-ordezkariak eta zenbait herritar ere, eta horren ostean, kantina inguruan elkartu dira bergararrak euskal abesti herrikoiak kantatzeko.
Egunean zehar festak aurrera jarraitzen du San Martzialen, eta ohiturari eutsiz, herri kirolak eta erromeria izango dira, besteak beste protagonista. Ondoren, 21:00ak aldera esango diete agur bergararrek horren kuttun duten erromeriari, eta txarangarekin jaitsiko dira herrira.
Goizaren beste aldea
Alabaina, gaur goizeko alboradan irten behar zuen Lizarrako gaiteroetako bat zendu da. Plazatik zen alborada ateratzekoa, eta hasi baino lehen lizarrarra ondoezik sentitu da. Bergarako anbulategira joan da eta hil egin da.
Hori dela eta, gogoan izan dute hildako Lizarrako gaiteroa eta soka-dantza egin duten dantzari eta udal-ordezkariek dolu-xingola jantzi dute besoan.