Igeriketa goranzko joera hartzen ari da Bergaran. Urte txarrak atzean utzita, indarra hartu du berriro herriko igeriketa taldeak. Indar horren erakustaldi nabarmenenak ekainean jokatu dituzten txapelketetan igerilari bergararrek lortu dituzten emaitzak dira.
Gipuzkoako Txapelketa
Ekainaren 15ean eta 16an jokatu zen Gipuzkoako alebin eta infantil txapelketetan izan ziren Bergara Igeri Elkarteko kideak, eta, guztira, banakako hamalau domina lortu zituzten. Horieta- tik bi domina urrezkoak izan ziren, bost zilarrezkoak eta gainontzeko zazpiak, brontzezkoak.
Olinpiar Jokoetatik gertu
Bergarako igeriketaren egonkortzea talde-lana izan dela gauza jakina da, baina trebakuntza horrek izen propiorik badu, hori Ane Alberdirena da. Igeri Elkarteko kidea Mallorcan jokatu zen Espainiako Open Trials Astralpool txapelketan izan zen ekainaren 17 eta 22 artean; txapelketa hartan erabaki zen ze igerilarik parte hartuko duten Parisen jokatuko diren Olinpiar Jokoetan.
Lau modalitatetan lehiatu zen Alberdi: tximeleta estiloko 50 metrokoan, estilo libreko 50 metrokoan, estilo libreko 100 metrokoan eta bizkar estiloko 50 metrokoan. Emaitza eta denbora onak lortu zituen bergararrak. Bereziki nabarmentzekoa da tximeleta estiloko 50 metrokoan eta estilo libreko 50 metrokoan eskuratutako emaitza: 2008koen artean seigarren geratu zen lehenean; eta laugarren bigarrenean. Asier Perez entrenatzailea oso pozik dago emaitzekin: "Entrenatzaileontzat zein taldearentzat ikaragarria izan da".
Euskal Herriko txapelketa
Ekainean izandako azken txapelketa Euskal Herrikoa izan da; alebin mailakoa, zehazki. Ekainaren 22an eta 23an jokatu zen, eta bertan bakarkako domina bat eskuratu zuen Igeri Elkarteko kide batek.
Hurrengo txapelketak
Bihar eta etzi jokatuko dute taldeko kideek infantilen Euskal Herriko Txapelketa, Galdakaon. Uztailaren 6an eta 7an, berriz, Gipuzkoako junior eta absolutu txapelketak jokatuko dituzte, Tolosan. Denboraldia amaitzeko, junior eta absolutu mailetako txapelketak jokatuko dituzte, uztailaren 20ean eta 21ean, Ordizian. Hala ere, Perezen arabera, baliteke tartean beste lehiaketa bat ere izatea: "Asteburu honetan, taldeko bi kide Espainiako Txapelketara pasatzeko gutxiengotik gertu daude, eta lortzen badute uztailaren 16an Sabadellera ere joango ginateke".
Gaur egun, 105 igerilari inguru daude elkartean sartuta; gehienak, emakumezkoak
Taldearen biziberritzea
Perezek "dominak baino gehiago urtean zehar egindako lana" baloratzen du. Ez da gutxiagorako, elkartearen eta igerilarien esfortzuari esker taldea biziberritzea lortu dute eta. "Urte askoan Bergarak ez du maila onik izan. Azkenaldian lana ondo egiten gabiltza eta horrek emaitzak ekarri ditu". Urte haietan taldea "kili-kolo" egon zela dio entrenatzaileak, baina egindako esfortzuari esker "elkartean 105 pertsona egotea" lortu dutela.
Taldearen egonkortzea funtsezkoa izan da emaitzak hobetzeko, igerilariak elkarri laguntzen direlako: "Jende gabe zaila da emaitza onak izatea". Hala ere, fase berri honetan arazo bat antzeman dute: gizonezkoen falta. "Gizonezko askok futbola eta igeriketa egiten dituzte batera, eta DBHra heltzen direnean futbola aukeratzen dute".