Guztia prest dago Udako Futbol Txapelketako finalak jokatzeko

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 27a, 17:37

Udako Futbol Txapelketako jardunaldi bat. Argazkia: Andoni Bretaña

Bihar jokatuko dituzte final guztiak: emakumezkoen ligakoa, liga mistokoa eta kopa mistokoa

Bihar, ekainak 28, jokatuko dituzte Agorrosinen, Udako Futbol Txapelketako hiru finalak: 18:00etan izango da Txutxufletas eta Amama & Co aurrez aurre jarriko dituen emakumezkoen ligako finala; ordu berean kopa mistoko finala jokatuko da, LH Artaldea eta Leones de Montepinar taldeen artean; 19:00etan, berriz, liga mistoko finala izango da, Arabes eta Txepetxak taldeek jokatuko dutena.

Egun polita izaten da Andoni Bretaña antolakuntza taldeko kidearentzat: "Finala izaten da txapelketa borobiltzeko eguna. Anbiente gehien egoten den eguna da, finala izatean jende asko animatzen da ikustera". Hala ere, funtzionamendua betiko berdina da eta ez omen dute "ezer berezirik egiten". Barra bat jarri ohi dute, jendeak edariak erosi ahal izateko partiduak jokatzen diren bitartean.

Finala gainontzeko partidetatik bereizten duen ekitaldia partiduen ondorengo sari banaketa da. Bakarkako sariak banatuko dituzte lehenengo, txapelketa misto (liga eta kopa batera) eta emakumezkoen txapelketarako: atezain onena, gol gehien sartu dituen jokalaria eta jokalari onena. Ostean, bi liga eta kopako txapeldun eta txapeldunordeentzako sariak banatuko dituzte. Bi ligetako irabazleek afari bat eskuratuko dute oroigarriarekin batera.

Finalerako gogotsu 

Finalak jokatzeko gogotsu daudela adierazi du Bretañak: "Gogotsu gaude, finala oso egun polita delako, giro ona egoten da. Jokalariak ere gogotsu izaten dira. Azkenean herriko irabazle izatea suposatzen du txapelketak, eta harrotasun puntu hori eduki ahal izatea". Horrekin batera, txapelketa antolatzeak dakarren lana azpimarratu du: "Egunero 17:30etik 20:00ak arte egoten gara bertan. Uste baino lan gehiago suposatzen du".

Finalaren atarian egonda, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete txapelketa posible egiten duten guztiei, bereziki jokalariei eta babesle gisara ibili diren Arrano Taberna eta Etxe Zuri jatetxea. Bide beretik, Udala eta Bergarako futbol taldea ere eskertu nahi izan dituzte, antolakuntzan emandako laguntzagatik.

Futbolaz gozatu

Urte luzez ospatu da Udako Futbol Txapelketa, eta honen helburua "udan futbolean jokatzeko aukera izatea da". Futbolaz gozatzea da txapelketaren funtsa, eta "arratsaldetan entretenitzeko zerbait edukitzea". Asmo horrekin eman dute izena aurten lehiatu diren 22 taldeak. Horietatik 18 txapelketa mistoan apuntatu dira, eta gainerako lauak emakumezkoen txapelketan.

Aldaketen txapelketa

Aurtengoa aldaketen urtea izan da Udako Futbol Txapelketarako. Historikoki Ipintzako zelaian jokatu izan da, txapelketa, baina aurten, bertan egitekoak diren konponketa lanek txapelketa ez baldintzatzeko Agorrosinera lekualdatu dute. Zelai honen dimentsioak ikusita, txapelketa 11ko futboletik 8ko futbolera moldatu dutela azaltzen du Bretañak. Aldaketa ondo joan dela uste du antolatzaileak: "Jendea pozik dago. Azkenean oso entretenigarria izan da, 8ko futbola izanda mugimendu eta gol gehiago izan direlako. Esango nuke balorazioa oso ona dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak