Seiko torneoa bihar, denboraldia agurtzeko

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 28a, 08:30

Burdinolako senior mailako neskak, Zilarrezko Ligako norgehiagokan, aurten.

Burdinolako lagunek antolatuta, Bergara Hiria emakumezkoen torneoak EAEko talde onenak eta Bordeleko eta Torrelavegako talde bana batuko ditu zapatuan Labegaraietan. Egun osoan maila oneko hockeya egongo da ikusgai.

Badator Bergara Hiria emakumezkoen hockey torneoa, eta zapatuko hitzorduak Street Hockey Gasteiz, Sumendi, Sobreruedas, Soraluzeko Marras, Bordeaux Lyons eta etxeko taldea batuko ditu, Burdinola. "Esango nuke gure taldea dela garaikurra irabazteko faborito nagusietako bat, nagusia ez bada. Bordelekoek maila polita dute, baita Torrelavegakoek ere –Sobreruedas–, baina gure neskak ez dira atzean geratzen. Espainiako mailari eutsi diote aurten, Euskadiko ligan bigarren sailkatu dira eta Kopa txapeldun izan dira, finalean Sumendiri irabazita. Oso denboraldi ona egin dute eta emaitza horiek erakusten dute Bergara Hiria polita egin dezaketela, eta, gainera, etxean jokatzen dute", adierazi du Burdinolako ordezkari Agustin Oiangurenek.

Urtea agurtzeko aitzakia

Bergara Hiria torneoak emakumezkoen hockeyari ikusgarritasuna ematea du helburu, eta denboraldia agurtzeko jai moduko bat antolatzeko aprobetxatuko dute Burdinolakoek. Zapatuan 08:30ean hasiko dituzte partiduak, eta aurreikusten dute finala iluntzeko 20:15ean hasiko dutela. Hala, bi multzotan banatuko dituzte taldeak, partidu bakoitzak 40 minutu iraungo ditu eta eguerdian pare bat orduko etena egingo dute, atseden hartzeko eta bazkaltzeko. "Arratsaldean egongo da saltsa polita, finalerdiak eta finalak orduan jokatuko dituztelako, eta ondoren egingo dugu sari banaketa ekitaldia".

Hiruko torneoa gaur

Gaur, egubakoitza, motorrak berotzen joateko, hiruko torneoa egingo dute, 18:00etatik 20:00etara. "Parte-hartze libreko saioa izango da; Burdinolako nesken taldeko jokalari batzuk egongo dira, baina adin askotariko jokalariei dago zabalduta. Saio irekia da eta helburua da hockeya gazteen artean zabaltzen joatea". 

Denboraldiaren errepasoa

Behin denboraldia amaituta, Oiangurenek denboraldiaren errepasoa egin du GOIENAn: "Urte polita izan da, talde guztiak izan dira lehiakorrak, eta, gehiago edo gutxiago, baina helburuak beteta geratu dira". Alde horretatik, duela pare bat aste Bergaran jokatutako senior mailako gizonezkoen igoera faserako etxeko taldea sailkatu ez izanak arantzatxoa utzi du: "Tira, pena izan zen, Espainiako mailara igotzea zegoelako jokoan, eta gure jokalariek ez zuten helburua lortu. Baina Euskadiko ligan urte polita egin dute eta datorren urtera begira hori izango da etxeko mutilek izango duten helburua, ostera ere mailaz igotzeko igoera faserako sailkatzea, eta, posible bada, mailaz igotzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak