Markagailua 3 eta 0 zuten aurka finalerdietan bergararrek, baina lehenengo partidan, kadete mailan, Bergarako Etxabek eta Etxeberriak 22-17 irabazi zuten Mantzizidor eta Lopezen kontra. Oraindik aukerak bazituzten aurrera egiteko mahoneroek, baina gazte mailan Zaldibiako Aranburuk eta Mendizabalek 8-22 hartu zituzten mendean Ilarduia eta Alberdi eta modu horretan, finalerako txartela eskuratu zuten zaldibitarrek.
Hala, nagusien mailako partidan jokoan ezer ez bazegoen ere, ikusleek partida bikainaz eta tanto ikusgarriez gozatu ahal izan zuten. Alabaina, Bergara aurretik joan bazen ere, partidaren amaieran, 21-18 zihoazen aurretik Etxaniz eta Otermin, Zaldibiak hogeita bana berdintzea lortu zuen eta, azken tantoa Sukia eta Elizegirendako izan zen (21-22).
Penaz, baina itxura ona emanda
BKEko Julen Aranburu entrenatzaileak partiden ostean adierazi du "pena pixka bat" dutela txapelketatik kanpo geratu direlako, baina txapelketa "oso ona" egin dutela. 25 urtetan hiru aldiz sailkatu da Bergara final-aurrekoetara azken honen balorazioa egin du: "Zaldibin 3-0 galdu genuen. Egia da kadeteetan eta nagusietan maila ona eman genuela, gazteen mailan oso erraz galdu genuen. Gure esperantza zen gaur maila polita ematea. Kadeteetan indartsu hastea, alde horretatik pozik, maila ona erakutsi dute. Gazteen mailan galdu dugu eta nagusietakoa irabazita ere, 2-4 galdu dugu kanporaketa. Pena galdu dugula, baina itxura ona eman dugu finalerdietan"
Aurtengo helburuak beteta esan dio agur Bergarak Herri Artekoari, iaz lehen kanporaketan galdu baitzuten: "Esperantza geneukan lehen kanporaketa pasatzeko, egia da finalerdietara igaro garela. 25 urtetan 3 aldiz pasa gara finalerdietara, hori baloratzeko gauza bat da. Egia da pilotariek asko disfrutatu dutela eta horrekin geratzen gara. Ea etorkizunean ere ibilbidearekin jarraitzen dugu. Horretarako prest egon behar dugu".