Abenturazalea eta enpresaria da Gaizka Aseginolaza (Eibar, 1973) eta arlo bietan egindako ibilbideetan dauden parekotasunak, momentu onetan zein txarretan, izan ditu mintzagai Bergarako Seminarixoan egindako hitzaldian. Enpresarek gonbidatuta etorri da, eta 50 bat lagunen aurrean hitz egin du, enpresariak gehienak.
2022an Alaskan egindako bidaiaren dokumentala erakutsi die aurkezpen lanak egin ostean. 1.600 kilometroko bidaia, Alaskan –Willow-tik hasi eta Nome-raino–,bizikleta gainean, eta modu autosufizientean. Bidaia hori prestatzeko egindako entrenamenduak, aurrez egindako lana, beldurra gainditzea, motibazioa, nork bere buruan sinistea, bakardadea, bidean egiten diren lagunak, porrota... "Bidaiari lotuta bizi izan ditudan sentimenduak, baloreak, dira, baina enpresa mundura ekarriz gero ere gertatzen direnak. Negozio bat jartzeko aurrez egin beharreko lanak, merkatuaren azterketa, erabakiak hartzerakoan askotan sentitzen den bakardadea, ausardia, porrotei buelta emateko indarra izatea, egiten dugun horretan sinistea...".
Ia ordu erdi iraun zuen bideoaren ostean solasaldirako tartea hartu zuten eta galderak egiteko aukera izan zuten ekitaldira joan zirenek. Seminarixo kanpuan, arkupetan, egindako luntxarekin eman zioten amaiera ekitaldiari.