Sustraietara buelta, txapeldun izateko

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 21a, 16:00

Mikel Linazisoro, Madrilen jokatutako txapelketan. Argazkia: Mikel Linazisoro

Mikel Linazisoro bergararra eskaladako Espainiako txapeldun izan berri da zailtasunean, eta orain, datozen asteetan jokatuko den Munduko Kopa du begiz jota. aurrez, bloke-eskalada uzteko erabakia hartu zuen, haren sustraietara itzultzeko

Eskaladako Espainiako zailtasun modalitateak txapeldun berria du joan den astea ezkero, eta debagoiendar batek du garaikur hori lortzearen ohorea. Mikel Linazisoro bergararra izan zen Madrilgo Arroyomolinos herrian jokatu zen proban goren eskalatzea lortu zuena, eta ez nolanahiko horma batean. "Bide oso gogorra jarri zuten ekipatzaileek. Oso zaila zen eman beharreko pausoak ikustea, eta erdian, zati batean, hankak solte eta gorputzarekin buelta batzuk eman behar ziren", adierazi du Linazisorok. Zailtasun horren barruan eskalatzaile debagoiendarra izan zen jarraitu beharreko pauso horiek ondoen irakurtzen jakin zuena: "Bidea irakurtzen jakin nuen, eta, erdiko zailtasun hori igarotakoan, horrek eman zidan indarra gorago joateko. Dena dela, erori nintzenean ez nuen askorik ospatu, baina gainontzekoak nola ibili ziren ikus nuenean lan ona egin nuela jakin nuen".

Garaipena eskuratuta pozarren zen Mikel Linazisoro: "Urteko proba garrantzitsuenetakoa izaten da Espainiako txapelketa, eta denboraldiko helburu nagusienetakoa ere bai. Datorrenerako indartsu eta motibazio handiarekin nago".

Bi garaipen asteburu berean

Zoriontzekoa eta txapela kentzeko modukoa da Linazisorok Madrilen lortutakoa, baina ez da asteburu hartan lortu zuen sari garrantzitsu bakarra, egun bat lehenago Medikuntzan graduatu baitzen bergararra. Hain zuzen, graduazio festaren ostean hartu zuen Madrilera joateko autobusa, eta aitortu du sekulako "motibazioarekin" iritsi zela txapelketa egunera.

Batzuentzat txapelketa garaiak presio uneak izaten dira; Linazisororentzat, aldiz, ihesbide bat izaten dira. "Azterketak ditudanean edo ikasi egin behar dudan garaian txapelketak baldin baditut, maila hobea ematen dut lehiaketetan. Batzuetan, txapelketetan %100 murgilduta zaudenean, presio handiagoa jartzen diozu zeure buruari. Nire kasuan, hiru egun lehenago Madrilen egon izan banintz, askoz presio handiagoarekin iritsiko nintzen lehiaketa egunera. Aurreko egunetan eta orduetan bestelako gauzak egiteak eta burua beste nonbaiten edukitzeak lagundu egiten dit", dio bergararrak.

Hurrengo txapelketak

Hurrengo erronka potoloa datozen asteetan Innsbrucken (Austria), Chamonixen (Frantzia) eta Briançonen (Frantzia) jokatuko den Munduko Kopa izango du. Azken garaipenarekin, sentsazio onekin iritsiko dela aitortu du: "Azken txapelketak irabazteak indarra eta motibazioa ematen dit Munduko Kopan lan ona egiteko". Ez da izango, ordea, aurten izango duen txapelketa bakarra, urriaren 24tik 26ra bitartean Espainiako Kopa jokatuko da-eta Kataluniako Vilanova i la Geltru herrian. Gainera, postu ezin hobean iritsiko da, Espainiako txapelketa puntuagarria izan delako kopari begira. Horrez gain, azaroan Mallorcan jokatuko den txapelketan izango dela adierazi du bergararrak.

Sustraietara itzulera

Azken arrakasten arrazoia aurkitzeko, Mikel Linazisororen sustraietara jo behar da, Araozko harrietan soka soinean zuela eskalatzen hasi zeneko garaietara. Izan ere, bergararrak bloke-eskalada alde batera uztea erabaki zuen duela hilabete batzuk, eta txikitatik gustuko duen modalitatean zentratzeko erabakia hartu du. "Iaztik ez nintzen gozatzen ari bloke-eskaladan, txapelketen inertzian sartuta nengoen, baina txapelketak amaitu eta gauza negatibo gehiago ikusten nituen positiboak baino. Horregatik, aurten bloke-eskalada uzteko erabakia hartu dut", dio Linazisorok.

Gozatzen aritu ez den arren, ez da izan erabakia hartzeko arrazoi bakarra: "Eskaladan mundu mailan onenen artean egon nahi baduzu, zerbaitetan jarri behar duzu arreta. Orain, denbora gehiago izango dut gustatzen zaidan horretan zentratzeko, txapelketa gutxiago izango baitut. Era berean, eskalada-blokean egon diren estilo aldaketak ere ez zaizkit batere gustatu eta horrek ez nau batere motibatzen. Gainera, ez dakit zergatik, baina aurten Espainiako Federazioak ere laguntza gutxiago eman dizkigu txapelketetara bidaiatzeko, eta horrek ere lagundu du erabakia hartzen", aitortu du eskalatzaileak.

Aurrera begirakoak

Dagoeneko begi-bistan ditu hainbat txapelketa eta erronka bergararrak, eta uda sasoian ere etxean "gutxi" egongo dela adierazi du. Aurrera begira dituen asmoei buruz galdetuta, datozen urteetan eskaladan zentratuko dela dio: "Espainiako hautatzaile Alberto Ginesek Sant Cugat del Vallesen (Katalunia) duten goi-errendimenduko zentrora joateko esan dit, eta, hala, urrian Bartzelonara joango naiz; hilabete batzuetan han bizi izango naiz. Goi-mailako instalazioak dituzte han, gaur egun geroz eta garrantzitsuagoak dira, gainera, eta buru-belarri entrenatzen ibiliko naiz". Dena dela, nabarmendu du eskaladako lehiaketak utzitakoan ez duela bere burua mundu horretako "entrenatzaile" gisa ikusten; behin eskalada utzitakoan, graduatu berri den eta "gustuko" duen medikuntzaren mundura "itzuliko" dela argi daukala dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak