Burua tente bukatu gura dute herri artekoa

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 21a, 12:30

Aste honetan Bergaran jokatuko dituzte itzulerako neurketak. Argazkia: Imanol Beloki

Bergarak hiru partiduak galdu zituen herri arteko txapelketako finalerdietako joanekoan Zaldibiaren aurka. gaur (18:45) jokatuko dituzte itzulerako neurketak, eta, taldekideek itxaropenik galdu ez duten arren, jakitun dira oso zaila izango dela

Matematikek aurkakoa esaten duten arte kirolean inoiz ez da itxaropenik galdu behar, eta puntu horretan dira Bergarako pilota saileko kideak. Herri arteko txapelketa aparta egiten ari dira; horren adibide da finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu dutela hainbat urteren ondoren. Txapelketak aurrera joatearekin batera maila igotzen eta partiduak zailtzen joan dira, eta une horietan agertzen dira koska bat gorago dauden pilotariak.

Hala, aurreko astean jokatu zituzten Bergarak eta Zaldibiak finalerdietako joaneko neurketak, eta goierritarrak nagusi izan ziren hiru partiduetan: kadeteetan (22-14), gazte mailan (22-5) eta nagusietan (22-17). Ia "ezinekoa" den arren, Peru Alberdi pilotariak ez du itxaropenik galtzen: "Ez da ezinezkoa. Haiek sinetsita etorriko dira, eta, behintzat, partiduren bat irabazteko gai baldin bagara, ondo. Ea, adibidez, kadete mailakoa irabazteko gai garen".

Aurkari indartsua

Joaneko neurketak amaitu bezain pronto, Julen Aranburu entrenatzaileak GOIENAri adierazi zion gazte mailan eta nagusien mailan "partidu onak" jokatu zituztela, baina gazte mailan "alde handia" egon zela hasieratik. Hain zuzen, Peru Alberdi da gazte mailako pilotarietako bat, eta zaldibiarren hiru bikoteak "konpentsatuak" daudela aitortu du: "Maila bakoitzean atzelari onak dituzte. Atzeko koadroetan nagusi izaten dira aurkariaren aurrean, dominatu egiten zaituzte, eta gero, aurrean erraz amaitzeko pilotak izaten dituzte euren aurrelariek". Gaineratu du joanekoan gazte mailako pilotari titularra "min hartuta" egon zela eta jokatu zuten biak ere eskuetatik "pattal" zeudela.

Frontoira joateko gonbita

Sailkapenarekin amestea ia ezinezkoa da, baina horrek ez du esan gura gaur arratsaldeko hitzorduak ez dituenik bertaratzeko osagaiak. Urte batzuk badira Bergara ez dela herri arteko txapelketako finalerdietan egon, eta aurtengoa agurtzeko modu ezin hobea frontoia beteta egotea litzateke. "Ez da sarritan egoten aukera herri arteko txapelketako finalerdiak ikusteko, eta herritarrei frontoira etortzeko gonbita egiten diegu, giro aparta egon daiteke", adierazi du Peru Alberdik. Era berean, berretsi egin du bai hura eta baita taldea ere "gogotsu" eta "itxaropentsu" daudela gaur arratsaldean itxura ona emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak