Irene Zenitagoia Gorosti loradendako kideak eman zuen lore sortak nola egin ikasteko ikastaroa atzo arratsaldean, eta 20 pertsona batu ziren. 22 lore sorta egin zituzten, eta ekainaren 24an, astelehenean, egongo dira ikusgai, San Juan jaiak ospatuko baitituzte datozen egunetan.
Ekainaren 23an, zapatuan, Lizarra, Santutxu eta eliza apainduko dituzte lore sortekin goizeko hamarretan, eta iluntzeko bederatzietan, berriz, suziriak jaurtiko dituzte jaiei hasiera emateko; ondoren, San Juan suak egingo dituzte baserrietan. Dena den, San Juan eguna izango da indartsuena.
Mezarekin ekingo diote egunari astelehenean, eta Jubilatue abesbatza izango da han eguerdiko hamabietan; ondoren, luntxa egingo dute. 13:00etan atzo eginiko lore sorten erakusketa izango da, ohitura zaharrak aintzat hartuta; gainera, parte hartzaileen artean bi sari banatuko dituzte. Ostean, 80 urtez gorako auzotarrek omenaldia jasoko dute eta bazkaria egingo dute amaitzean, Tartufo jatetxean.