Dena gertu Bergarako San Martzial jaietarako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 19a, 10:38

Iazko San Martzial jaiak. (Argazkia: GOIENA).

San Martzialgo erromeria San Martzial egunean egingo da aurten, ekainaren 30ean, eta Bergarako Udalak egitarauaren berri eman du dagoeneko. Halaber, Udaletik jakinarazi dute koadrilen guneak ezin izango direla zintekin gorde ekainaren 28ko 15:00ak baino lehen.

Bergararren urteko erromeriarik kuttunena ekainaren 30ean egingo da aurten, eta 128 mahai eta 981 aulki alokatu dituzte San Martzialgo erromerirako. Hala, Bergarako Udalak jakinarazi du koadrilen guneak ezin izango direla zintekin gorde ekainaren 28ko 15:00ak baino lehen. Adierazi du San Martzialeko ermitan nahiz inguruetan azken ordura arte mantentze-lanak egin behar izaten dituztela eta hortaz, adierazitako epe horren aurretik jarritako guztiak kendu egingo dituztela "mantentze-lanek eskatzen duten heinean". Gehitu du udalak ez duela "inongo erantzukizunik izango" erreserba-zintak kentzeagatik.

Halaber, gogorarazi du debekatuta dagoela mahaiak jartzeko lurra aitzurrarekin lantzea terrazak eginez eta herritarrei eskatu die San Martzialgo eremua erabiltzerako orduan, gainerakoekin partekatzeko nahiz errespetuz jokatzeko.

Egitaraua

Egitaraua ere dagoeneko kalean da eta ekainaren 29an hasiko dira San Martzial jaietan murgiltzen herrian erraldoien kalejirarekin. Ondoren, hurrengo egunean, 07:00etan hasiko da San Martzialgo erromeria kanpai jotzearekin eta, San Martzialerako igoerarekin Letania errezatuz.

Honakoa da San Martzial jaien egitaraua:

Ekainak 29

  • 18:30 Erraldoien kalejira, Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroek eta Bergarako Txistulari Bandak lagunduta. Ibilbidea: San Martin plaza, Bidekurutzeta kalea, San Pedro, Artekalea, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Irizar pasealekua, Barrenkalea eta San Martin Agirre plaza.

Ekainak 30, San Martzial eguna eta San Martzialgo erromeria

  • 07:00 Kanpai-jotzea Santa Marinan.
  • 07:30 Santa Marinatik San Martzialera igoera, Letania errezatuz.
  • Ostean, meza San Martzialen.
  • 09:30 Alborada: Lizarrako gaiteroak, Gorka eta Mikel trikitilariak, Bergarako Txistulari Banda eta Elutxa txaranga.
  • 10:00 San Martzialera igotzea.
  • 11:45 Tia laran seme-alabak ikuskizuna, Xamatz dantza taldekoekin.
  • 12:00 Gorka eta Mikel trikitilariak eta Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak.
  • Ostean, dantzaldia ohorezko sokarekin, eta aurreskua. Bukatzeko, larrain-dantza.
  • 15:30 Umeendako eta gaztetxoendako jolasak.
  • 17:00 Herri kirolak, eta irrintzi txapelketa.
  • 18:00 Muxutruk taldearekin erromeria.
  • 19:30 Elutxa txaranga eta Gorka eta Mikel trikitilariak.
  • 21:00 Txupinazoa eta jaitsiera.

Herribusa eta ibilgailuak

Hilaren 30ean San Martzialerako herribus zerbitzua jarriko dute egunean zehar 09:30etik 14:00etara, nahiz 16:00etatik 20:30era. Geltokiak Oxirondo plazan eta San Martzialen izango dira. Zerbitzuaren prezioa bidaiako 1,10 euro izango da; bonuarekin, aldiz, 10 bidaia sei euro.

Gainera, Udalak jakinarazi du San Martzialerako bidea trafikoarendako itxita egongo dela 10:00etatik 11:00etara eta 21:00etatik 22:00etara –San Martzialerako igoeran eta jaitsieran–: "Egun horretan ezingo da zelaira autorik sartu bertara, jeneroa daramatenak izan ezik". Horiek deskargatu eta berehala atera beharko dituzte ibilgailuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak