Zaldibian dute, gaur, hurrengo geltokia: finalerdiak

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 14a, 14:29

Bergarako pilotariak Ataunekoen kontra, final-laurdenetako joanekoan, Bergaran.

Herriarteko txapelketan Ataun kanporatu eta gero, Bergarak Zaldibiaren kontra jokatuko ditu finalerako txartelak –gaur hasita–. Julen Aranburuk dio erronka zaila dutela aurrean, baina ez ezinezkoa: "Gure esku dago gauzak ondo egitea".

Hamabost urte pasa dira Bergarak Herriarteko txapelketa irabazi zuenetik. Lorpen hori errepikatzeko mahoneroek pauso batzuk eman behar dituzte oraindik, baina bergararrak aurrera doaz kanporaketak gainditzen, eta dagoeneko finalerdietan daude. Ataun izan da bidean utzi duten azken herria. Joanekoan, Bergaran, 2-1 nagusitu ziren ataundarrak –gazte mailan eta afizionatuetan irabazi zuten–, baina tanteoa Bergarakoen aldekoa izan zen (48-49). Joan den egubakoitzean, ordea, Bergara izan zen Ataunen 2-1 nagusitu zena –kadeteetan 5-22 eta afizionatuetan 7-22 irabazi zuten bergararrek; gazte mailan 22-1 galdu zuten–. Hala, tanteoarengatik Bergarak egin zuen aurrera –Ataunek 82 tanto eta Bergarak, 94–.

Kadeteetan eta seniorretan, fin

Pilota saileko arduradun Julen Aranburuk egin du kanporaketaren laburpena: "Kadeteetan erraz nagusitu ginen, bai aurrean eta bai atzean ondo ibili ginen. Gazte mailan bagenekien zail izango genuela. Eurek muga-mugan zegoen pilota bat aukeratu zuten, oso arina, eta gure atzelari Alberdi eskuetatik oso-oso justu zegoen; gaizki ez esatearren. Nagusietan partidua irabazteko beharra geneukan, eta kontrarioak ezin zizkigun 19 tanto bano gehiago egin; zorionez, ondo nagusitu ginen; Etxanizek eta Arri-k bikote oso sendoa osatzen dute"

"Kanporaketa gogorra dugu"

Aranburuk uste du gaur Zaldibian (18:30) hasiko dituzten finalerdietan ere lehiakorrak izan daitezkeela. "Oso maila politeko pilotariak dituzte, baina gure esku dago kanporaketa ona egitea. Kanporaketa gainditzeko lau partidu irabaztera joan behar dugu, kadete mailako biak eta seniorretakoak. Kadeteetan Zaldibiak Lopez dauka, pilotari sendoa da, eta nagusien mailan Sukiak eta Elizegik jokatzen dute, eta, tira, hura ere bikote indartsua da. Gazte mailan, berriz, zailtasun handiagoak izango ditugu. Gure pilotari onena, Aratz Ormaetxea, min hartuta dago. Hala, Zaldibian jokatuko dugun joanekoan lortu behar duguna da etxeko partiduetarako bizirik etortzea, aukerekin itzultzea. Kanporaketa zaila dugu, baina ez dugu esperantzarik galduko". Hala, beste finalerdiari dagokionez, Beasain eta Oiartzun izango dira aurrez aurre. Joaneko partidak Antzizarren (Beasain) izango dira, oraingo asteburuan; eta itzulikoak hurrengoan, Madalensoron (Oiartzun).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak