Elgetako kafe antzokian egingo du aste bukaerako lehen emanaldia Bergarako Orkestra Sinfonikoak. 20:00etan izango da eta emanaldi seinalatua izango da; izan ere, 18 urte dira orkestrak ez duela Elgetan jotzen. Xalbadorpe erretiratuen elkarteak Udalaren babesarekin antolatutako emanaldia izango da.
Bergarako emanaldia Santa Marinako elizan izango da, zapatuan, 20:00etan. Kasu bietan Enrike Txurrukaren zuzendaritzapean arituko dira orkestra osatzen duten 62 musikariak.
Sei pieza
Errepertorio berdina eskainiko du orkestrak bi emanaldietan. Sei piezaz osaturikoa egitura klasikokoak izango dira lehen hirurak eta soinu bandak beste hirurak. Rossano Galanteren Genesis obertura, Antonin Dvoraken 9. sinfoniaren 4. mugimendua, eta Karl Jenkinsen Palladio obraren 1. mugimenduarekin irekiko du emanaldia orkestrak.
Beste hiru piezak Braveheart, Malena eta How to train your dragon filmetako soinu banden orkestrarako egokitzapenak izango dira.