Ekainean, eguaztenak egubakoitzen ordez

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 7a, 13:50

Julene eta Unairen kontzertua eguaztenean kartzela zaharreko atzeko patioan. (Argazkia: E.B.).

Bost urte bete ditu Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenak, eta kontzertuak antolatu dituzte ekaineko eguaztenetarako. Ekainaren 12an Debagoieneko "talde sorpresa" baten txanda izango da eta hilaren 19an Bergarako Ktarsia taldea igoko da oholtzara.

Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenak bost urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko hiru kontzertu antolatu dituzte. Emanaldiok egunez aldatu eta eguaztenetan egingo dira, arratsaldeko zortzietan hasita, kartzela zaharrean. Kontzertuak doakoak izango dira. Lehen emanaldia asteon izan da: Arrasateko Julene eta Unai bikotea aritu ziren oholtzan. Ekainaren 12an "talde sorpresa" izango da eta hilaren 19an, berriz, Bergarako Ktarsia taldea arituko da.

Urtemugako kontzertuak eguaztenetan egitearen arrazoia "udako giro" hori izan da. Unai Elkoro da ekimenaren antolatzaileetako bat, eta azaldu du ez zutela "ondo ikusten" kontzertuak ekaineko egubakoitzetan egitea, herritarrak planak egiten hasten direlako asteburura begira: "Orduan, antolakuntzan komentatu genuen aste barruan egitea ez litzatekeela gaizki egongo, eta asteguneko erdiko puntuan egitea pentsatu genuen, astea pixka bat pozteko". Aste barruan izanik, ordua ere aurreratu dute, ordu "ona" delakoan "iluntze ederra" pasatu eta etxera joateko, berandutu barik.

Bertako musikariak

Debagoieneko taldeen aldeko apustua egin du ekimenak, "etxekoendako eta herriarendako" zerbait egin nahi zutelako. "Bailaran ere baditugu jarraitzaile batzuk, eta eurendako zerbait prestatu nahi genuen. Horregatik egin dugu bailarako gazteen aldeko apustua", dio Elkorok. Kontzertuen beste berezitasuna akustikoan egingo direla da, emanaldiak kartzela zaharreko atzeko patioan egin nahi baitzituzten eguraldi onarekin.

Ezustekoa datorren astean

Sorpresak amaierarako uzten badira ere, "talde sorpresaren" kontzertua bigarrena izango da. Aurreratu duena da Debagoieneko "talde on" bat dela. Gainera, kartzela zaharreko urteurrena ere ekainean izaten da eta horrekin ere lotu dute ekimena: "Ekainean egiten den kartzela zaharreko urteurrenean hilabete osoko egitaraua antolatzen da. Datorren asteko asteburu horretan, normalean, bazkariak eta kontzertuak egiten dira. Aurten bazkaria egongo da, eta hausnarketa bat goizean, baina, hain justu, Loratzen ekimena dago goizetik gauera arte, eta ez dugu kontzerturik egingo asteburu horretan gaztetxean. Ez genuen nahi haiekin gainjartzerik. Horregatik, talde sorpresa ekarriko dugu".

Espero gabeko bost urte

Duela bost urte elkartu ziren "zenbait lagun musikazale" Egubakoitzak Berreskuratzen sortzeko: "Hasi ginen Kooltur Ostegunak bezala. Ikusi genuen zerbait falta zela Bergaran eta ia-ia hilero kontzertuak antolatu ditugu. Egia da pandemiak harrapatu gintuela, eta, orduan, bost urte horiek ez direla bost urte oso, baina bost urte egin ditugula ospatu beharko da".

Bost urteen balorazio positiboa egin du Elkorok, ez baitzuen espero halako erantzunik eta ibilbiderik izaterik: "Oso-oso pozik gaude. Talde pila ekarri ditugu. Talde onak, talde handiak, talde txikiak... Denetik apur bat. Eta horren aldeko apustua egiten dugu". Adierazi du denei eman dietela aukera eta eurek nahiz herritarrek gustuko dituzten taldeak ekarri dituztela: "Jende askok proposatzen dizkigu taldeak eta beti saiatzen gara herrian zer nahi den eta gure gustuko taldeak ekartzen".

Ekaineko kontzertuen ostean, etenaldia egingo du Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenak, eta, ikasturte hasierarekin batera, irailean edo urrian itzultzea aurreikusten du Elkorok. Bien bitartean, ekaineko kontzertuetara animatu ditu herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak