Modu ezin hobean amaitu du denboraldia Soraluze BKE taldeak. Liga erregularra laugarren postuan amaitu zuten bergararrek, eta, Deba kopako multzoan aurreneko postuan nagusitasunez amaitu eta finalerdietako partiduan Hernaniko taldea txapelketatik kanpo utzi ostean, garaikurra etxera eramatea lortu dute Joseba Elortzarenek, Urnietari 29-23 irabazita.
Final gogorra
"Markagailuko tarteak erakusten duena baino gogorragoa" izan zen Urnietaren aurkako finala, bergararren esanetan; izan ere, lehenengo zatian Soraluze BKE markagailuan aurretik egon arren, atsedenaldiaren aurretik eginiko hainbat akats baliatu zuten urnietarrek markagailua berdintzeko (11-11). Atsedenalditik bueltan, bergararrek ez zuten bi goleko abantaila gainditzea lortzen; baina azken minutuetan Aimar Arkotxak atean eginiko lana eta mahoneroek erasoan izandako eraginkortasuna nahikoa izan ziren bi goleko tartea seikoa bihurtu eta kopa irabazteko.