Gaurtik hasita, 100 egun dituzte bergararrek igerilekuez gozatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko eka. 7a, 07:02

Bergarako igerilekua atzo, eguena.

Udako kanpainak ekainaren 7tik irailaren 13ra arte iraungo du aurten Agorrosin kiroldegian eta Labegaraietako ur-txorroten gunean. Aurtengo nobedadeetako bat da pergola batez erdi-estalitako terraza bat jarri dutela kanpoko igerilekuen eremuan.

Aurten uda ofizialki ekainaren 20ko 22:51n hasiko bada ere, bergararrek Agorrosin kiroldegiko kanpoko igerilekuez gozatzeko aukera uda hasi aurretik izango dute; izan ere, udako kanpaina gaur bertan abiatuko du Udalak, eta, hasiera batean, asmoa da irailaren 13ra arte kanpoko igerilekuak zabalik izateko. Horrek esan nahi du uda sasoiak hamalau aste eta egun bat iraungo duela Agorrosingo kanpoko igerilekuetan.

Labegaraietako ur txorrotak, iaz.

Era berean, Labegaraietako kiroldegi ondoan dauden ur-txorrotak ere bihar jarriko dituzte martxan eta irailaren 13ra arte zabalik izatea aurreikusten dute, baina aukera egongo litzateke luzatzeko; betiere, eguraldiaren arabera.

Udako ordutegi berezia

Gaur hasi eta irailaren 13ra bitartean honako hau izango da Agorrosin Ekintza Guneko ordutegia: astelehenetik egubakoitzera 06:30etik 21:25era eta udako asteburuetan, jaiegunetan eta abuztu osoan 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik kiroldegia. Hala, kanpoko igerilekuak 10:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik –berdegunean egon ahalko da 20:30ak arte–.

Edukieraren kontrola

Igerilekuko sorosle edo begiraleen ardura izango da kanpoko igerilekuaren edukiera kontrolatzea. Izan ere, gehienez ere, 187 erabiltzaile ahalbidetzen dira uretan aldi berean, eta horrek, egun jendetsuenetan, sarbidea debekatzera behartu dezake. Hau da, uretan edota uretako perimetroan txandakatzerik ez badago, sorosleak barruko erabiltzaileak 20 minutuan behin irtetera behartu ditzake. Udako kanpainak irauten duen bitartean, goizetan sorosle bat arduratzen da kanpoko igerilekua kontrolatzeaz. Arratsaldeetan, berriz, erabiltzaile-indizerik handienak daudenean, bi sorosle egon ohi dira. Bestalde, estalitako barruko bi igerilekuetara alboko ateetatik sartu ahal izango da bainua hartzeko; barruko igerilekuetan sorosle-kopuru propioa dute. Aurten ere erabiltzaile partikularrak euren hamakekin sartu ahalko dira, eta estali gabeko gunean utzi ahal izango dituzte, egunero hamaka horiek garraiatzen ibili behar ez izateko. Gainera, debekatuta dago eguzkitakoak eta baloiak erabiltzea eta beirazko elementuekin sartzea.

Terraza bainutoki ondoan

Aurtengo udarako ekipamendua azken urteetako bera izango den arren, badago hobekuntzarik. Horren adibide da bainutokiaren ondoan egokitu duten terraza berria, zurezko pergola eta guzti. Zurezko pergola horren azpian bost mahai eta eserlekuak jarri dituzte, itzal partziala eskaintzen dutenak. Aldageletatik berdegunerako sarreran, Ipintzako harmailaren ondoko korridorean, antzeko ezaugarriak dituzten beste hiru mahai ere jarri dituzte. Hobekuntzak 22.000 euroko inbertsioa egitea ekarri du.

Udako ikastaroak ekainaren 24an hasiko dira; Agorrosinen eman behar da izena

Ikastaroak hilaren 24an

Udako ikastaroei dagokienez, talde berriak ireki dira haurren, gazteen eta helduen eskaintzan. Ikastaroak ekainaren 24an hasiko dira, eta kontsultak zein izen-emateak Agorrosingo kiroldegian egin beharko dira. Helduendako, adibidez, bodypower, bodylates –body balancearen eta pilatesaren arteko nahasketa bat da–, pilates eta yoga ikastaroak antolatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak