Asteburuan egingo da Saskibaloi egunaren II. edizioa, eta bi ekintza nagusi egingo dira zapatuan eta domekan: 3x3 udako saskibaloi txapelketaren XVI.edizioa eta garagardo feria; Seminaixoko plazan, biak. Udako 3x3 saskibaloi txapelketari dagokionez, ekainaren 8an, jokatuko da –euria egiten badu, Labegaraietako kiroldegian–. Goizean benjamin, alebin eta infantil mailak arituko dira 09:00etan hasita; arratsaldean, berriz, 16:00etan hasita, kadete, junior, senior eta senior misto kuadrillen txanda izango da.
Garagardoa ez da faltako
Bergarako Saskibaloi eguna ez da ulertzen garagardo feriarik gabe, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Egubakoitzean 19:30ean irekiko dute karpa, eta zapatuan, berriz, egun osoan egongo da irekita. Bertan askotariko garagardo motak dastatzeko aukera egongo da. Edatekoarekin batera jatekoa ere izango dute bertaratuek, foodtruck zerbitzua egongo baita. Arratsaldea girotzeko, kontzertuak ere egongo dira karpan: egubakoitzean K-PO, BLIND 09 & LINZO, eta DJ Basero igoko dira oholtzara 21:00etan hasita; eta zapatuan Unai Cantabranak, Alde-Kideak taldeak eta DJ Masterrekak emango dute kontzertua, 20:30ean hasita.
Berrikuntzak ere bai
Aurtengo berrikuntza gisa, Gisaski zirkuitua egongo da zapatu arratsaldean. Gipuzkoa federakuntzak, probintziako hainbat klubekin elkarlanean sortu den ekimen berri da Gisaski zirkuitua. Hainbat herritan jokatuko den 3X3 txapelketa bat da eta zirkuitu formatuan jokatzen da. Joan den astean egin zuen estreinaldia Donostian, eta Bergaran egingo du bigarren geldialdia zirkuituak. Taldeek puntuak batu ahal izango dituzte udako denboraldian zehar, eta sailkapena batutako puntu horien araberakoa izango da. 3x3ko FIBA arautegi ofizialeren arabera araututa egongo da eta txapelketa bakoitzak zelai neurri ofizialak eta FIBA 3x3 arauetan adituak diren epaileak izango ditu.
Izena ematea itxita
Guztira 97 taldek eman dute izena txapelketan, eta kopuru hori kontuan hartuta, izena emateko epea ixtea erabaki dute antolatzaileek. Bergarako taldeez gain, Oñatiko, Urretxuko, Legazpiko, Arrasateko eta Zumarragako taldeek ere eman dute izena; guztira, 20 taldek.