"Oso polita izan zen atzoko eguna, oso ondo ibili ginen", dio Marije Ugalde Bergarako Musika Eskolako zuzendariak. Izan ere, eguraldi bikainarekin hasi zuten kalejira, tamalez, okerrera egin zuen eta Espoloiko arkupeetan egin behar izan zuten kontzertua, hala ere, arazorik gabe burutu zituzten ekintza guztiak.
"Hasiera batetik zerbait herrikoia egitea nahi genuen, eta hala izan zen", azaldu du Marije Ugaldek. Kontzertua bi zatitan banatu zuten, lehenengo orkestra bakarrik aritu zen eta ostean publikoak ere abestu zuen.
Omenaldi "hunkigarria"
40 urte hauetan Musika Eskolako zuzendari batzordetik pasatako guztiak omendu zituzten atzo: "daudenei eta ez daudenei ere, omenaldi bat egin genien, hunkigarria eta oso momentu polita izan zen".