"Antolakuntza ikuspegitik oihartzun handia duen erlojupekoa da; bada modu bat, kadete mailako ziklismoan bada ere, Bergara Euskadiren erdigunean jartzeko", adierazi du Lokatza Ziklismo Eskolako presidente Ion Unamunok. San Antonioko irteera puntuan 100 bat ziklista izango direla aurreikusten du antolakuntzak; txirrindulariak 30 segundoan behin irtengo dira eta 7,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute erlojuaren kontra Espoloiko helmuga zeharkatu aurretik.
Denbora onak egiteko aukera
Kirol arloari dagokionez, Unamunok dio Lokatza "momentu onean" dagoela: "Joan den asteburuko lorpenen artean daude, mutiletan, Manex Larrañaga Gipuzkoako txapeldun eta Euskadiko txapeldunorde izatea lortu zuela, eta Izortz Llodiok Gipuzkoako txapeldunorde izatea lortu zuen. Bereziki, Manex Larrañaga ikusten dugu zerbait polita egiteko moduan, baina ikusiko da. Nesketan bi izen aipatuko genituzke, batez ere: Izar Eskibel oñatiarra eta Araiako Zihortza Heredia; biak daude sasoi onean eta denbora politak egiteko aukerak dituzte".
Unamunok dio ziklista askorentzat lehen erlojupekoa izango dela: "Proba motza eta bizia da eta bidegurutze batzuetan baita teknikoa ere. Ondo prestatu beharreko espezialitatea da, ezagutu beharrekoa".