Prebentziorako "neurri eraginkorrak falta" direla salatu du ELAk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko maiatzaren 30a

ELA sindikatuaren mobilizazioa, gaur eguerdian, San Martin Agirre plazan. Irudia: ELA.

Sindikatuak elkarretaratzea egin du Bergarako San Martin Agirre plazan gaur eguerdian, Embalan3 enpresako lan heriotza salatzeko.

ELAk salatu duenez, prebentziorako "neurri eraginkorrak falta" dira: "Ez dira segurtasunean behar adinako inbertsioak egiten, eta enpresa askok ez dute oinarrizko legea bera ere betetzen". Are gehiago, erantsi du erakundeek "ez dutela errealitate hori aldatzeko konpromisorik, ezta borondate politikorik ere". Hori dela eta, segurtasun eta osasun eremuko araudia bete dadin, ikuskari gehiago eskatu ditu: "Egun daudenak ez baitira aski".

Era berean, sindikatuak doluminak eman dizkie maiatzaren 22an istripua izan eta astelehenean hil zen herritarraren familiari eta lankideei. Horrez gain, langileen lan osasuna bermatzeko konpromisoa ere erakutsi du, "enpresaz enpresa, negozio kolektiboaren eta mobilizazioaren bidez".

Arratsaldean ere mobilizazioa

Herri eragileek deituta, gaur arratsaldean beste mobilizazio bat egingo dute Lan istripu gehiagorik ez! lelopean, San Martin Agirre plazan; 19:00etan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak