Embalan3 enpresan lan istripua izan zuen pasa den eguaztenean, hilaren 22an, behargin batek, zama gainera erori baitzitzaion kamioi bat zamatzen ari zela; larri zauritu zen, eta maiatzaren 27an, astelehenean, hil zen. ELAk salatu duenez, gainera, langilea bakarrik zegoen lanean, eta "ez zen istripuaren testigurik" egon: "Embalan3 enpresako behargina zen, eta transpaleta batekin lanean zegoela garraiolari batek lurrean botata aurkitu zuen burua kolpatua zuela".
Hala, Bergarako lan heriotza salatzeko –eta baita Hego Euskal Herrian aurten izan diren gainontzeko 23ak, sindikatuaren hitzetan–, elkarretaratzea egingo dute bihar, maiatzak 31, Bergarako San Martin Agirre plazan, 12:00etan. LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE-Etxaldek osatutako intersindikalak, aldiz, atzo –maiatzak 28– egin zuen mobilizazioa.
Salaketa, behin baino gehiagotan
ELAk azpimarratu du "askotan" salatu ohi dutela lantokietan bizi diren "lan baldintza kaskarrak eta prekarietate altua", eta istripu tasa "areagotu" egiten duela "prebentzio neurri gabeziak, zein tresnak edo makinak desegoki edo formakuntzarik gabe erabiltzeak". Haien esanetan, beraz, "lehentasuna" eman behar zaie segurtasun politikei, langileen "osasuna eta bizitza jokoan" daudelako: "Eta horregatik, ELAk ikuskari kopurua handitzea exijitzen du lantokietako segurtasun eta osasun araudiaren betetzea bermatzeko, gaur egun ez baitira nahikoak".